Beñat Muguruza: «1900ean egun baino euskaldunagoa zen Irun, baina 1936an hala ote zen ez naiz ausartzen esatera»

Koldo Nausia 2025ko uzt. 16a, 10:21

Beñat Muguruza filologoak "Irungo euskararen historia soziala XX. mendearen hasieran (1.900-1.936)" ikerlana egiteko Jose Antonio Loidi beka eskuratu du. Egunkarien hemeroteka eta hizkuntza ezagutzari buruzko datuak miatzeaz gain, «oraindik bizirik dauden irundar adinekoek gogoratzen dutena haien ahotik entzunda» argitu nahi du garai hartako irundarren ama hizkuntza zein zen, zein hizkuntza arnasten zen kaleetan, eta Irungo transformazio linguistikoa nola eman zen.

100 urte atzera bidaiatzea ezinezkoa da. Are gutxiago Irunen garai hartan zer nolako hizkuntza errealitatea arnasten zuten bertatik bertara entzutea. Baina Beñat Muguruza filologo eta Hizkuntza Jabekuntzan adituak linguistikari lotutako ikerketa historikoa egingo du datozen 12 hilabetetan, hau argitu nahian. Irungo Udalak eskaintzen duen 9.000 euroko Jose Antonio Loidi ikerketa beka jaso berri du, eta une historiko oso zehatz batetan jarriko du begirada.

"Irungo euskararen historia soziala XX. mendearen hasieran (1.900-1.936)" da ikerketaren izenburua, eta «Irungo benetako transformazio linguistikoa, euskararen gainbehera ezagutzeko» benetan XIX. mendera jo behar dela uste badu ere, Muguruzak XX. mende hasieran kokatu du bere ikerlana. «Oraindik bizirik dauden irundar adinekoen ahotik entzun nahi dut, haiek haien gurasoei entzundakoa eta txikitatik gogoratzen dutena», argitu digu. Horretarako lehen elkarrizketak egiten hasi da dagoeneko.

Garai politiko interesgarriak izan zirenez, «tokiko egunkarien loraldi ikaragarria bizi izan zen, eta Irunen 20-30 bat egunkari plazaratu ziren». Irungo Udal Artxibategiak hauek duela zenbait urte digitalizatu egin zituen, eta hau baliagarria izango zaiolakoan dago egin asmo duen atzerabegirakoa osatzeko. Bestalde, Eustat estatistika institutuak egina duen 1991 urteko aurreneko hizkuntza ezagutzari buruzko azterketaren datuak bilduko ditu ere. «XX. mende hasieran Irunen jaio eta urte hartan bizirik zeuden adineko pertsonen hizkuntzari buruzko datuak oso interesgarriak izan daitezke argazki bat egiteko», argitzen du. Horrekin guztiarekin, ikerlanaren izenburuak dion moduan, «historia soziala edo istorio bat kontatzen» saiatuko da. 

Irun euskaldun eta erdaldunaren arrakala

Gaur egun 65.000 irundarren %41k euskara dakien arren, erabilera %8 ingurukoa besterik ez da. 1936 urtean, aldiz, 18.000 biztanle zituen hiriak. Eta horren ia erdia galdu zuen 1936ko estatu kolpe faxistaren ondorioz erbestera jo zutenak aintzat hartuta. Egungo euskararen egoera ulertzeko balioko ote duen zalantza badu ere, gertakari historiko zehatzek euskararen jakintzan eta erabileran izan duten eragina aztertuko du Muguruzak. «Jende askok esaten du frankismoagatik ezin izan nuen ikasi, etorkinak etorri ziren 50. eta 60. hamarkadan Irunera, eta horregatik badirudi gudu zibila baino lehen arnasgune bat zela Irun, baina ez dut uste hala denik, eta hor begiratu nahi dut», azaldu digu ikerlariak.

Haatik, pasa den mende hasieran hizkuntzari dagokionez zer arnasten zen ikertzeko zenbait pista dauzka eskuartean. Izan ere, Joxean Elosegi eta Aitor Errazkin irundarrek 2023an beka honi esker argitaratu zuten "Bertsoak eta bertsolariak Irunen XIX. mendean" azterlanak baieztatu zuen, XIX. mendean Irun euskaraz bizi zela. «Aduana eta burdinbidea iritsi ziren gero, eta hortik aurrera hasi zen erdalduntzen», dio Muguruzak. Garapen soziologiko horretan «1900ean gaur egun baino euskaldunagoa zen Irun, baina 1936an hala ote zen ez naiz ausartzen esatera», dio. 

Alde horretatik, herri baten populazioa inguru horrek eskaintzen dituen bizitzeko eta lan egiteko aukerei estuki lotua egon ohi da. Eta Irun hiriak mugako herri izaera izateak eragin nabarmena izan du beti. Burdinbidea, eta 1864an Nazioarteko Zubiaren eraikuntzarekin Madril-Irun trena Hendaiarekin lotu ahal izateak, industriaren garapena ekarri zuen hirira. Espainiatik erakarritako migrazio fluxuek erabat aldarazi zuten gizartea. Eta halako migrazio fenomeno ugari bizi izan ditu hiriak ondoko belaunaldietan egun arte; 50. eta 70. hamarkaden artean estatuko beste erkidegoetatik emandakoa, edota urrutiko atzerriko herrialdeetatik ere 2000. urtetik aurrera.

Aldiz, 1900-1936 urteen arteko bere ikerlanean, beste hainbat aldagai kontuan hartu beharko dituela pentsatzen du Beñat Muguruzak. Izan ere, «migranteen integraziorako eta euskara ikasteko gaur egun ditugun eskola publikoen oso bestelako hezkuntza sistema zegoen garai haietan, adibidez».

Zentzu horretan, Irunen loratzen ari zen «hirigune urbanoaren eta landaguneko baserritarren gizartearen arteko arrakala» ere aztertu nahi duela azpimarratu du. Ikerlana abiatu besterik ez du egin. Baina Irun hiriak bizi izan duen aldaketa etengabe horretan, 1900-1936 urtealdian ere, euskarak, euskaldunok eta irundar gizarteak izan duen bilakaeran, mugarri historiko, ekonomiko eta sozialek izan duten eragina aztertu nahi du, euskararen garapenean lagundu ez zuten gertakariak.