Irungo Udalak AUIF S.L. enpresari esleitu eta honek kudeatzen duen IrunBus zerbitzuak Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren barruan jarraituko du. Foru Aldundiko arloko diputatuak, Azahara Dominguezek eta Cristina Laborda alkateak Gipuzkoako Lurralde Historikoan tarifak integratzeko sistema ezartzeko lankidetza-protokolo orokorraren barruan dagoen hitzarmena luzatzea sinatu dute. Eta beraz, Irungo hiri-autobusetako erabiltzaileek MUGI sistemaren abantaila guztiez gozatzen jarraituko dute.
Horrenbestez, erabiltzaileei txartel bakarra eta garraioa gehien erabiltzen dutenentzako deskontu progresiboak, beren kolektiboaren araberako hobariak eta doako transbordoak izaten jarraitzeko aukera izango dute, besteak beste.
Protokolo hori 2012an sinatu zen, eta Gipuzkoako Garraio Agintaritzaren, udalen eta garraio-operadoreen arteko hitzarmen-sare bat sortu zuten, Gipuzkoako mugikortasun-sistema publikoa hobetzeko ahaleginak koordinatzeko. Azahara Dominguezek gogoratu du, MUGI sistema Gipuzkoan garraio publikoaz gozatzeko iraultza bat suposatu zuela, batez ere tarifa-sistema bateratuagatik eta erabiltzaileei eskaintzen dizkien abantaila ugariengatik. «Horregatik, funtsezkoa da Irun bezalako hiri batek, Gipuzkoako biztanle-kopuruan bigarrena denak, sare honen barruan jarraitzea».
Orain, sistema hau eta bere eskubideak operadore gehiagorengana zabaltzen jarraitzea da agintarien helburua, «gero eta gipuzkoar gehiagok eskura izan dezaten kalitatezko garraio publikoko sare bat, arrazoizko prezioan, mugikortasun iraunkorrerako eskubidea bermatuko duena eta aukera-berdintasuna sortzen lagunduko duena», iragarri du Dominguezek.
Cristina Laborda, Irungo alkateak bere partetik, joan den maiatzaz geroztik, Irunbuseko lau lineek MUGI birtualaren proba fasea hasi zuela oroitarazi du. Gipuzkoako lehen hiri-operadorea da proba horiei ekiten, udalak garraio publikoaren alde egindako apustuaren adierazle. «Irun izan zen, duela sei urte, autobus elektrikoen linea bat izan zuen lehen hiria Euskadin, eta orain berriro ere abangoardian gaude mugikortasunaren eta irisgarritasunaren arloan hiri-garraioan, aurrerapen teknologiko horrekin, zerbitzu publiko modernoagoa eta erosoagoa eskaintzeko».