Irungo Elkargune Antifaxista kolektiboak elkarretaratze bat deitu du uztailaren 23an, asteazkena, 19:00etan San Juan plazan. Herritarren aktibazioa eta erantzun kolektiboa eskatu dituzte, azken aldian Irungo kaleetan eta beste hiri batzuetan ugaritu diren erasoei aurre egiteko.
Adrian Arruti, Elkargune Antifaxistako partaideak adierazi duenez, faxismoaren eta arrazakeriaren diskurtsoak forma berriak hartu dituzte eta, tantaz tanta, gure gizartean txertatzen ari dira. “Talde batzuk, auzo patruilen izenean, gorroto diskurtsoak zabaltzen ari dira, eta gazte kolektibo zein migratuak mehatxatzen dituzte”, ohartarazi du.
Gogorarazi du Euskal Herrian ere izan direla azkenaldian eraso arrazistak, Donostian, Hernanin edota Irunen bertan. Kezka handiz azpimarratu dute ideologia hauek ez direla soilik muturreko taldeetan agertzen, baizik eta ohiko herritarren artean ere zabaltzen ari direla, batzuetan kontzientziarik gabe.
Elkarretaratzea “Arrazakeriari ez! Ez hemen, ez inon! Auzo patruilei ez. Faxismoari stop” lelopean egingo da. Bukatzeko, Irungo Harrera Sarearen lanari erreferentzia eginez, elkargune antifaxistak balorean jarri nahi du, Irun beti izan dela harrera hiria.