Azken hilabeteetan kale patruilen sorrera, hainbat eta hainbat eraso faxista eta karrikan biztanleria arrazializatuak bizi duen pertsekuzioaren aitzinean, berrehun eta hirurehun lagun artean elkartu ziren atzo San Juan plazan, hainbat eragilek deitu mobilizazioan.
Kale patruilen antolatzaileek, elkarretaratzea baina ordu batzuk lehenago, ohar bidez adierazi zuten deialdia arbuiatzen zutela, eta antolatzaileak herritarren aurka ari zirela. Elkarretaratu zirenek, alta, argi utzi zuten kale patruilak "arrazakeria direla".
Irun, Euskal Herriko bertze hainbat herri bezala, etorkinen harreran lan handia egin duen hiria da. Azken hamarkadan antolaketa handia izan da Irungo Harrera Sarean baita haren inguruan ere, eta larritzat jotzen dute Irun berean eskuin muturrak halako gorakada izatea.
Hendaian, herritarren eta poliziaren lankidetza instituzionala
Atzo, Irunen elkarretaratuak ziren momentu berean, Hendaian Herriko kontseilu momentua zen. Bertan, Udal gehiengoak “herritarren zaintza” dispositibo bat proposatu eta onartu zuen: Frantziar Poliziarekin elkarlanean ariko dira Hendaiako pare bat auzotako herritar hautatu batzuk, jarrera susmagarriak poliziari helarazteko. Delinkuentzia prebenitzeko dispositiboa dela argudiatu dute Kotte Ezenarrok eta Fred Tranchek, eremu publikoaren kudeaketarako axuantak.
Hendaia Biltzeneko Laetitia Navarronentzat, arriskutsuak dira joera hauek, batetik estatuaren desengaiamendua sakontzen baitute, eta bertzerik, herritarren miliziak sortzeko arriskua baitu.