«Migratzaileek Irun eraikitzen eta aberasten» jarrai dezaten, kulturartekotasun plana 2028ra arte luzatu du Irungo Udalak

Aimar Lopez 2025ko uzt. 25a, 10:17

Elkarlana eta integrazioa izanen ditu ardatz planak, eta Udaleko hainbat sailetara luzatuko da, Ongizate arlotik zuzendua. «Kultura, gizartea eta ekonomiari erreparatuta» hiriari ekarpen handia egiten diote migratzaileek, Josu Iguiñiz ordezkariaren hitzetan; gogor mintzatu da eskuin muturraren aurka.

Irungo Udalak atzoko osoko bilkuran 2024-2028 epeko “Kulturartekotasun, Immigrazio eta Bizikidetza plana” aho batez onartu zuen. Azaldu dutenez, Irunen erroldatutako 6.634 lagun dira Ipar Euskal Herrian edo atzerrian jaioak, %10 beraz. Hala, “komunitate-sentipena lantzeko” 56 ekimeneko plan bat dute onartu, gobernantza, interakzioa eta gizarte kohesioa zutabeen inguruan.

Kulturartekotasunaren arloan dabiltzan Irungo elkarteen eta udalaren arteko elkarlana sustatuko du plan berriak, ikastetxeekin ere lanean ariko dira, baita pertsona migratuen lan munduratzea eta gizarteratzea sustatu ere, Lanbiderekin eta Irunen presente diren beste erakunde publikoekin lan eginez. Irungo Udalak oroitarazi du 2006. urtean egin zituztela lehen pausuak kulturartekotasunean, eta ildo hori jorratzen jarraitzeko asmoa dute 2028ra arte gutxienez.

Eskuin muturra, jomugan

Irungo Udalak kale patruilen inguruan bi hilabetez adierazpenik egin ez duen honetan, eta nahiz eta gaia zuzenan aipatu ez, hitz hartze sendoa egin zuen Iguiñizek atzoko osoko bilkuran eskuin muturraren aurka. Plan berriak hainbat balio barnebiltzen dituela azaldu zuen: errespetua, aniztasuna eta ezberdinek gizartea aberasten dutela. Eta balore horiek «jende guztiak partekatu» behar lituzkeela gehitu, «baina zoritxarrez, ez da hala».

«Eskuin muturrak etorkinak etorkin izate soilagatik kriminalizatzen» dituela salatu zuen ondotik, eta udal talde guztiei eskatu zien eskuin muturraren aurkako lanean aritzeko, Europan nolako hauteskunde emaitzak lortzen dituen oroitaraziz.