Arbesko egoitza berrira sartzeko bidea urbanizatzeko lanak hasi dira eta, gaur eguerdian, Irungo alkatea Cristina Laborda eta Obretako, Mantentze Lanetako eta Azpiegituretako ordezkari Gorka Alvarez azalpenak eman dituzte bertara egindako bisitan. Aditzera eman dutenez, guztira 2.122.684,90 euroko aurrekontua bideratuko du udalak, eta UTE VIAL ARBES enpresak egingo ditu lanak. Hauek bi fasetan egingo dituzte, lur betetze eta ingurua egokitzeko lanak sei hilabetez, eta ondoko zazpi hilabeteetan Alzukaitz eta Arbesko Errotako bidegurutzetik 325 metroko bide berria. Gaur egungo bidegorria mantenduko dute, eta egun Meakako ibarreko bidegorria eta Artiako errekaren paralelo doana berritu ere egingo da, Jose Antonio Loidi Bizkarrondo kalearen atzealdean.
Bestalde, etxebizitzei paralelo doan kalea bi noranzkoa izango den bitartean, bertan lerroan aparkatzeaz gain, baterian aparkatzeko 38 leku egokituko dituzte kale berriaren bukaeran. Honek irtenbiderik izango ez duenez, itzulgune batekin itxiko dute.
Hartara, Gipuzkoako Foru Aldundiak bertan eraikiko duen Arbesko egoitza berriaren sarbidea bermatzeaz gain, azken urteetan prekarioan atondu egin zuten aparkalekua desagertuko bada ere, urbanizatze obrak eremua hobetuko dutelakoan daude agintariak. Eremua hiritartzeko, aldiz, bertan dauden hainbat zuhaitz ezabatu beharko dituzte, baina zuhaitzak landatzea aurreikusten dela argitu dute udal agintariek. Ingurumena Zaintzeko Planaren esparruan, lanen ondorio negatiboak minimizatzeko neurrien barruan, eta, behin lanak bukatuta, ingurumena lehengoratzeko plan bat aplikatuko da.
Gorka Alvarezek azaldu duenez, lehenengo fasean, lurrak soilduko dira, eta sasiz garbitu, eta saneamendu lan orokorrak, euste hormak, drainatze elementuak eta euri urak husteko bideak ere egingo dira. Ondoren, behin lurrak finkatuta, bigarren fasea hasiko da. Alde horretatik, Gorka Alvarezek argitu duenez, aldundiak egoitzaren eraikuntza lanak aldi berean hasi ahal izango ditu, behin lur betetze lanak egin, eta ingurua sendotutakoan.
Cristina Laborda Irungo alkateak nabarmendu duenez, «Arbesko Egoitza agintaldi honetako proiektu estrategikoetako bat da, gure hiriko behar sozial garrantzitsuenetako bati, eta zor historiko bati erantzuten diolako». Hortaz, aldundiarekin 2024ko apirilean adostu bezala, Irungo Udalaren esku dagoen hiritartze obra abian jarri du. Alvarezen ustetan ere, «lan hauek hasita, etapa berri bati ekin diogu, hiriaren proiektu estrategikoetako bat gero eta gertuago ikusten dugu».
Arbesko egoitzaren zor historikoa
Irungo Udalak 2011 urtean izenpetu zuen aurreneko hitzarmena Arbesko egoitzaren proiektua ahalbidetzeko, eta Artiako zubiaren aldameneko Arbesko lursailean Gipuzkoako Foru Aldundiak adinekoen erresidentzia berria eraiki zezan. Bidasoa eskualdeko adinekoen egoitzetako eskaera, behar eta itxaron-zerrendak luzatu diren heinean, behin baino gehiagotan leporatu izan diote udal agintariek aldundikoei proiektuaren atzerapena.
Berandu badoa ere, oroitaraziko dugu, aldundiak 2023an onartu zuela proiektuaren esleipena. Eta 2024ko apirilean lortu zutela akordioa udalak eta aldundiak proiektua garatzeko. Orotara 271 milioi euro bideratuko dituzte erakunde publikoek, dependentzia mailaren arabera eta desgaitasuna duten pertsonentzako zerbitzu pertsonalizatua eskainiko duen egoitza integral bat garatzeko. Alde horretatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu nahi duen zaintza eredu komunitario berrian, Irunen urrats kualitatiboa emango dute.
Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusiak emandako xehetasunen arabera, Bidasoalderako ez ezik, lurraldeko zaintza ereduan «erreferentzia» izango da Arbesko erresidentzia berria. Gaur egun Gipuzkoan dauden 30 egoitza eta 5.300 plazen artean, Usurbilgo Egurtzegi egoitza besterik ez baitago horrela diseinatuta. Eta Irungoarekin batera, Pasaiako Adinberri eta Elgoibargo Errezabalakoa ere ari dira zaintza eredu berrietara egokitzen.
Kasu honetan, ‘Arbesko Egoitza’ erakundeak garatuko du proiektua (GSR Kooperatiba, Krean eta Altuna y Uria enpresek osaturik). 271 milioi euroko aurrekontuarekin, horietatik 32,4 milioi euro eraikuntza lanetarako, proiektua eta 22 urterako kudeaketa kontratua esleitzea erabaki zuten 2024an. Berez, 2026 urterako martxan egongo zela iragarri zuten, baina nekez beteko dituzte epeak.
Arbesen 130 plaza eskainiko dituzte. Eta proiektua hamarkada eta erdiz atzeratu izanak, azkenean bururaino eramango duten proiektua gaur egungo zaintza komunitarioaren beharrei egokitzeko aukera eman die. Zehazki, adinekoentzat 30 plaza izango dira Eguneko Zentroan, eta ohiko erresidentziak 56 plaza izango ditu, dependentzia egoeraren arabera banatutako lau unitate desberdinetan. Hortaz gain, 14 plaza psikogeriatrikoak ere eskainiko dituzte. Bestalde, desgaitasun egoeran dauden pertsonentzako 26 plaza egoitzan, eta beste 25 gehiago eguneko zentroan.
Horrekin batera, Irungo Udalak kudeatuko dituen apartamentu tutelatuak ere barneratuko ditu proiektuak, adineko pertsona autonomoentzat 50 plaza eskainiz (48 plaza hasierako proiektuaren arabera). Eta horrekin batera, fisioterapia, podologia, ile-apaindegia… bezalako zerbitzu gehigarriak. Egoitza auzoan integratua izan dadila bilatzen dute erakunde publikoek.