Janus Lesterrekin "Geltoki topaketa" antolatu dute CBAko "Irun Zuzenean" aretoa estreinatzeko

Antxeta Irratia 2025ko abu. 21a, 10:15

CBAko Kultur eta Sorkuntza Zentro berriak irailaren 11n zabalduko ditu ateak, eta inaugurazioa ospatzeko, "Geltoki Topaketa" antolatu dute, Janus Lester beratarrarekin, eta El Sentido De La Birra podcastaren grabaketa publiko batekin. Sarrerak www.irun.eus atarian erreserba daitezke 2 eurotan. 

Irailaren 11n, ostegunarekin, «Irun Zuzenean» areto berria estreinatuko dute, Janus Lester musikari beratarraren emanaldi batekin. Kulturaren arloko pertsona esanguratsuekin topaketa informal eta inspiratzaileak antolatzera bideratutako Geltoki programazio ildo berriaren barruan antolatu du udalak emanaldia. Aditzera eman dutenez, programaren ardatza pertsonak, inspirazioa eta sareak dira, eta jende guztiarentzako proposamenez gain, musikaren, arte eszenikoen eta beste diziplina artistiko batzuen sektore profesionalei zuzendutakoak eskainiko ditu. Bertan zuzeneko musika, zinema, sormen-industria, arte eszenikoak eta arte-erakusketak jasoko dituzte besteak beste. 

Oraingoan, une gozoa bizi duen musikari bat bertatik bertara ezagutzeko parada izango dugu, Nerea Aliasen eskutik. Eta entzule gehien dituzten audio-programa baten grabaketa egingo da bertan, zehazki, El Sentido De La Birra podcastarena. Bideopodcast formatuan grabatutako programa hau Ricardo Moyak zuzentzen du, eta atal bakoitzean elkarrizketa patxadatsu bat proposatzen du, gidoirik gabe. Iragarri dutenez, gonbidatu sorpresa bat izango du podcast honek, eta izena emisioan bertan iragarriko da, irailaren 11n, 20:30ean.