Pedagogia handia eta mugarik gabeko pazientzia behar da askotan guraso izateko. Eta gazte-nerabe izateko, aldiz, bizitzarako gaitasunetan trebatzeko tresnak. Hain justu, behar horiek asetzeko asmoz antolatzen ditu Irungo Udalak urtero, "Gurasoekin" eta "Gazteekin" programak. Gurasoen kasuan, 30. urtea da, eta seme-alabak instrukzio gidalibururik gabe datozen bitartean, programa beharrezkoa izango dela uste dute eramaileek.
Iaz 100 bat lagunek parte hartu zuten, Palmera Montero gunean hamabostean behin (astero behar bereziak dituzten familien kasuan, guztira 25 saio) elkartzen dira talde txikietan, gazteen kasuan 6 eta 18 urte bitarteko adinaren araberako taldeak osatuz. Eta gurasoen kasuan ere, seme-alaben adinaren araberako erantzunak eskaini asmoz. Sandra Cobos, Andrea Aranguren, Ion Arruabarrena, Begoña Arruabarrena eta Maider Andonegui psikologo eta terapeutek zuzentzen dituzte talde hauek. Azaldu dutenez, saioetan «mugak jartzen lagunduko zaie gurasoei, bai eta familiako kideen arteko harreman afektiboak eta komunikazioa hobetzen ere», eta gazteei bideratutako saioetan aldiz, «sentimenduak eta emozioak ezagutzen eta kontrolatzen, komunikazioa hobetzen edota harreman pertsonalen eta arazoen ebazpenetan trebetasunak lortzen» lagunduko zaie.
Ion Arruabarrenak azaldu digunez, «gurasotasun positiboa sustatu», eta seme-alaben heziketa egokirako mugak eta tresnak eskaintzen dizkiete. Eta gazteei, aldiz, «gatazkak konpontzeko estrategiak, familiarteko komunikazio positiboa, eta azken batean, bizitzarako gaitasunetan trebatzeko herramintak».
Antolatzaileek deialdi berezia egin diete aita diren gurasoei. Izan ere, seme-alaben heziketan aitaren figura ezinbestekoa bada ere, azken urteetako edizioetan partaideen %90 inguru emakumezkoa izan da. «Aita diren horiek asko dute ekartzeko eta ikasteko ere», nabarmendu dute.
Programa hauek erabat doakoak dira, baina ikasturtean zehar jarraipen konpromisoa eskatzen dute. Azaroan hasiko dira elkartzen eta ekainean amaituko da programa, baina irailaren 15etik aurrera izena eman daiteke 010 zein 943 50 51 52 zenbakietara deituta, edota Irungo Udalaren webgunean.