Irailaren 9an informazio-karpa bat instalatu zuen Irungo Udalak Palmera Monteron, aurtengo Partaidetza Bidezko Aurrekontuetan internet bidez moldatzen ez direnentzako. Eta irailaren 10ean egin zuten aurrez-aurreko bilera proposamenak egiteko. Aldiz, ekarpen gehienak internet bidez jaso ohi dituzte, eta horretarako epea irailaren 15ean itxiko dute. Udalaren webgunearen bidez egin beharra dago, eta jasotzen diren proposamen guztien artean, irailaren 29an eta 30ean aurretiko online bozketa baten bidez, hamahiru aukeratuko dituzte, 2026ko aurrekontu orokorra osatzeko azken bozketarako. Udalak argitu duenez, parte hartzaileek Irun Txartela erabili beharko dute beren burua identifikatzeko, eta bakoitzak bost proposamen aukeratu ahalko ditu gehienez ere.
Bestalde, prozesu orokorrean beste lau proposamen sartuko dira azken bozketan: Auzo Elkarteen federazioak adostutako hiru, eta Hiritar Foroak beste bat. Horrela, guztira, hogei proposamen sartuko dira azken bozketan. Gazteentzako prozesuaren barruan, berriz, proposamenak online bakarrik egin ahal izango dira, eta beste lau proposamen sartuko dituzte bozketan, batetik Eskolako Agenda 2030 ekimenetik eratorritako bi, eta bestetik, Gazteria Zerbitzuaren eta IrunBixi foroaren proposamen bana.
Bozka fasea
Partaidetza bidezko aurrekontuen lehen fasea behin amaitutakoan, Irungo Udaleko zerbitzu teknikoek proposamenak egingarriak eta udalaren eskumenekoak ote diren baloratuko du, eta zerrenda udalaren webgunean jarriko dute, urriaren 3tik 7ra bitartean egingo den proposamen finalisten bozketa aurrera eramateko.
Bozka internet bidez eman beharko da, baina aurtengoan udalak bozkatzeko laguntza emateko guneak egokituko ditu, HAZ-SAC bulegoan eta hiriko adinekoen egoitzetan.
Irungo Udalak 2026ko udal aurrekontuetan herritarrek partaidetza bidezko prozesuan erabakitako proiektuak garatzeko 1,5 milioi euro bideratuko ditu aurten ere. Hamaikagarren urtez, 16 urtetik gorako irundarrentzat proposamen eta bozketa prozesuan 1,3 milioi izango dira. Eta gazteei zuzendutakoan, aldiz, 16 eta 30 urte artekoentzat, beste 200.000 euro.