Aurten Euskadiko 50.000 biztanletik gorako udalerrietan (Bilbo, Donostia, Gasteiz, Getxo, Barakaldo eta Irun) ospatu diren jai nagusietan delituen beherakada eman dela nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.
Ertzaintzak eta tokian tokiko udaltzaingoek jakinarazi dituzten arau-hauste penalek ,43 egin dute behera. Orotara 2.489 delitu erregistratu dituzte, 2024ko 3.128 arau-hauste penalekin alderatuta. Bestalde, 727 atxiloketa eta ikerketa egin dituzte delitu hauei lotuta.
Irunen delitu gehiago
Baina balantze orokorra baikorra bada ere, Gipuzkoako bi hiri handienetako dinamika bestelakoa da. Izan ere, Donostian delituek %7,5eko igoera izan duten bitartean, 359tik 386ra igo baitira, Irunen %7ko igoera erregistratu zituzten sanmartzialetan. Guztira 280 delitu izan dira, 2024ko 261 arau-hausteen aldean.
Sexu-askatasunaren aurkako delituei dagokienez, Irunen 2024ko kopurua mantendu da, bi kasurekin.
Iturri polizialek emandako datuen arabera, aurreko urteetan bezala, ondarearen aurkako delituak erregistratu diren delitu guztien ehuneko 60-70 inguru izan dira udalerri guztietan. Eta ebasketak izan dira delitu-mota ugarienak, Donostian izan ezik, udalerri guztietan apaldu badira ere.
Gogoan hartu beharra dago, Irungo Udalak joan den udaberrian abian jarritako Gaueko Aisialdi Planaren irizpideak jarraituz, segurtasun dispositibo handia eta uniformatutako zein kalez jantzitako poliziak mobilizatu zituela jaietan. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak koordinaturik, Jaietako Segurtasun Dispositiboa San Pedro eta San Martzial jaietako programazioaren 19 egun eta gauetarako planifikatu zuten, osasun-langile, Babes Zibileko boluntario eta ostalariekin landutako Ekintza Planaren arabera.