Irun «izaera propioa duen destino turistikoa» bilakatu da uda honetan

Koldo Nausia 2025ko ira. 16a, 12:23

Hotelen okupazioa %95ekoa izan da udan, eta atzerritarren kopuruak %45 egin du gora Irunen. Historia, kultura, gastronomia eta naturaren erreklamuei esker, bildutako datuek adierazten dute lo egiteko ostatu hartzen dutenek, batez bestean bi gau egin dituztela Irunen. Oiasso museoak %40 emendatu ditu bisitak terma erromatarrei esker, baina Bidasoa ibaia, Plaiaundi, Aiako Harria eta 45 hitzorduko kultur agendak ere interesa piztu dute. 

 

Irungo hiriak «jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa» eman du uda honetan turismoari dagokionez. Bidasoa Bizirik garapen agentziak eta Irungo Udalak bildutako datuen arabera, uztailean eta abuztuan hotelen okupazioa %95ekoa izan da, eta orain artean ez bezala, «pasoko bisita izatetik, izaera propioa duen destino turistiko izatera» pasa da. Izan ere, datuek adierazten dutenez, bisitariek ez dute eguneko bisita egiten, eta dagoeneko lo egiteko ostatu hartzen dutenek, batez bestean bi gau (1,97 gau) egiten dituzte Irunen.

Nuria Alzaga, Hiri Bultzadarako zinegotziak aditzera eman duenez, «pasoko bisita izatetik, izaera propioa duen destino turistiko izatera» pasa da Irun. «Inguruetan Hondarribia, Hendaia edo Donostia bezalako gune turistiko handiak ditugu, baina Irunek ez du zergatik haiekin lehiatu beharrik, eskaintza turistikoa konplementatzen dugu», uste du udal ordezkariak.

Horren irudiko, Oiasso Museoa, Aiako Harria edota gero eta jende gehiagok egiten duen Bidasoa ibaiaren jeitsiera ditugu. Santiagotarrak arraun elkarteko Jone Otañok aitortu duenez, uda honetan jende gehiago hurbildu da elkartera aisialdi aukera honen eske. 

Eskaintza anitza eta kalitatezkoa

Alde horretatik, Irungo Udala azken urteetan ondare historikoa berreskuratzeko eta udako sasoian kultura agenda indartzeko egindako apustuak bere emaitzak eman dituelakoan dago Alzaga. «Oiasso Museoaren terma erromatarrei esker uda honetan %40 bisitari gehiago jaso dugu museoan, eta Dies Oiassonis, Euskal Jira eta Fermin Muguruzaren kontzertua bezalako hitzordu handiekin batera, guztira 45 kultur hitzordu antolatu ditugu udan», azaltzen du zinegotziak, «benetako interesa piztu du, eta bisitariei esperientzia oso bat eskaintzen zaie, eta horrek eragina du hiriko ekonomian, ostalaritza eta merkataritzan». 

Era berean, Aiako Harria natur parkeak eskaintzen dituen aukerak, Plaiaundi natur parkeak, eta udalaren bitartez antolatu dituzten bisita gidatuek ere arrakasta izan dute. Batetik, Junkal elizako kanpandorrearen bisitek 245 pertsona erakarri dituzte. Beste 42 lagunek egin dituzte ondarearen bisitak, eta "Irungo historia zubiz zubi" ibilbidea 50 pertsonak egin dute, Avenida zubian hasi, eta Bidasoa ibaian barrena, Gazteluzarren gora, Behobiako Aduana zenean bukatzeko. «Irun 2.000 urteko historia du, eta asko du  eskaintzeko», aldarrikatzen du Nuria Alzagak, «beti dago hobetzeko, baina bide onean goaz, gure bidea egiten». 

Oiasso Museoa markak hausten

Irundik iragan diren bisitari guztiak ez dira turismo bulegotik pasatzen. Izan ere, Done Jakue bidearen aterpetxeak bakarrik, 4.500 lagun jaso ditu ekainetik abuztura. Hala ere, Luis Marianoko turismo bulegoak 2.212 pertsonari arreta eman die uda honetan, %68 estatu mailako bisitaria zen bitartean, %32 baino gehiago Frantziakoak, Erresuma Batukoak, Alemaniakoak edota Amerikar Estatu Batuetakoak (AEB) izan dira. Zentzu horretan, Bidasoa Bizirik garapen agentziak jasotako datuen arabera, Irungo hoteletan ostatu hartu duten atzerriko bisitarien kopuruak %45 egin du gora 2024 urteko udararekin alderatuta. 

Oiasso Museoa, alde horretatik, bisitariak erakartzeko traktorea izan dela nabarmendu du udalak. Izan ere, marka guztiak apurtu ditu uda honetan. Uztailean eta abuztuan 7.392 bisitari jaso ditu museoak, %39 gehiago. Juanjo Jimenez museoaren zuzendariak argitu duenez, Dies Oiassonis jaialdiaren datuak batu gabe museoak berak jasotako bisitak dira hauek, izan ere, jaialdi erromatarra kontuan hartuz gero, 15.000 bisitarien langa gaindituko lukete. 

Bestalde, gogoan izan beharra dago Oiassoko terma erromatarrak apirilean inauguratu zirela, eta lehenengo aldiz izan direla hiriko udako kultur eskaintzaren parte. Ekainetik hona, bisita gidatuek eta tailerrek 1.008 erabiltzaile jaso dituzte guztira, eta 700 inguru, museoa bera eta termak ezagutzeko hurbildu dira. «Terma erromatarren irekieraren efektua gelditzeko iritsi dela uste dugu, eta espero dugu Irugurutzeta efektua ere baliatu ahal izango dugula aurrerantzean», dio Jimenezek. Udalak iragarri duenez, dagoeneko martxan dauden Irugurutzetako labeen birgaitze eta egokitze lanak, 2026 urterako amaituak egongo baitira. Eta bertara bisitak egiteko tren berde elektriko berri bat erosiko dute.