Harrera beroa egin diote Palestinaren askatasunaren aldeko martxari Irunen

Koldo Nausia 2025ko ira. 19a, 14:31

'Ibaitik Itsasora' martxari Ongi Etorriak 400 lagun bildu ditu Irungo San Juan plazan. Hiriko auzo elkarte gehienek eta hainbat gizarte eragilek beso-zabalik hartu dituzte irailaren 10ean Tuteratik abiatu ziren aktibistak, eta haien «ahalegina, ausardia eta konpromisoa» eskertu dute. Irungo CAF enpresa «genozidioaren konplize» dela salatzeko manifestaziora deitu dute 17:00etan, eta Eusko Jaurlaritzak tren-ekoizleari dirulaguntzak «berehala eteteko» exijitu diote.

 

"Israel hiltzaile, Europa laguntzaile" edota "Ez da gerra bat, genozidioa baizik" bezalako leloek hartu dute Irungo San Juan plaza gaur 13:30ean. Berez, lehentxeago. Aurreikusitako ordua baino hamar bat minutu lehenago iritsi baita plazara, gaur 9:00etan Beratik abiatu den 'Ibaitik Itsasora' Palestinaren askatasunaren aldeko martxaren azken aurreko etapa. Irunen, 400 lagun inguru bildu dira San Juan plazan, Tuteratik bihotz-taupaden erritmoan urratsez-urrats elkartasuna ehuntzeko bidea egin duten parte-hartzaileei ongi etorria emateko.
 
Nafarroa osoa zeharkatzerakoan bezala, herriz-herri, gaur Irunen ere gizarte zibila mobilizatu da martxistei harrera egiteko. Irunen martxaren bidelagunak izan diren eragileak eskertu dituzte, eta hauek Irungo herriak «beso-zabalik hartu eta haien ahalegina, ausardia eta konpromisoa» goraipatu dute hitzartzean.
 
Martxari babesa adierazi dioten eragileen artean, hiriko auzo elkarte gehienak daude: Alde Zaharra-San Juan, Behobia, Landetxa-Katea, Larreaundi-Olaberria, San Miguel, El Pinar, Anaka, Santiago-La Bañera, Arbesko Errota, Erdigunekoa, Arbes, Uztarri Ona-Urdanibia, Anzaran, Meaka eta Dunboa auzo elkarteak. Bestalde, Afagi, Zelaiburu, Nagusilan, Lakaxita gaztetxea, Bidasoako M8 Asanblada Feminista, Nicolas Guerendiain Errepublikar elkartea, Gaurko Andreak, Harrera Sarea eta Osasun Bidasoa plataforma bezalako gizarte eragileek ere bat egin dute aldarrikapenekin. Eta gaur Irunen, eta bihar Hendaian egingo diren salaketa eta ekimenetan parte hartzera deitu dute. 
 
Hain justu, 17:00etan San Juan plazatik abiatuta, CAF tren-ekoizlearen Irungo Anaka kaleko lantegiraino manifestaziora deitu dute, enpresa honek Israelekin dituen harreman komertzialak eta estatu genozida horren konplize dela salatzeko. Manifestariek enpresa honi ematen dizkion «laguntza ekonomikoak berehala eten» ditzala exijitu diote Eusko Jaurlaritzari. Tuteratik abiatu zirenetik "Israeli boikot" egiteko kanpainaren baitan, hainbat enpresa eta administraziori leporatu diote modu berean, estatu sionistaren laguntzaile izatea.
 

400 lagun inguru bildu dira San Juan plazan gaur 'Ibaitik Itsasora' martxari harrera egiteko. 

Larunbateko azken etapan ere, Carrefour multinazional frantsesa jarriko dute jomugan. 10:45ean Hendaiako enpresa honen saltokiaren aurrean elkarretaratzera deitu baitute, Israelgo soldaduen elikadura hornitzaile dela gaitzesteko. Aurretik, 9:30ean Avenida zubitik abiatuko dute etapa, Bidasoa ibaia zeharkatuko du martxak, eta elkartasuna ehuntzeko sarea Hendaiako Zokoburun itsasoratuko da 13:00ean hitzartze batekin. Bertan "Palestina 50 potretetan" Sabri Girouden liburuaren aurkezpena egingo dute, eta 15:30ean Hendaiako Itsas etorbidean "Terre Promise" ikusgarri tragiko komikoa, Maddalen Arzallus eta Aitor Servier bertsolariak eta Xiberoots taldearen kontzertuak itxiko dute martxa.
 
10 eguneko aldarria
 
Irailaren 10ean Tuteratik abiatu ziren aktibistek «oinak nekatuak baina bihotza bero» daukatela aitortu digute, eta oinak Hendaiako hondartzan, Kantauri Itsasoko uretan bustiko dituztela esan digu Txuri Ollok. Tuteratik abiatu zirenean pentsa zezaketena baino jende gehiago mobilizatu dute egunero. Eta ekimenaren sustatzaile honek aitortu digunez, «hunkigarria izan da ikustea, herriz-herri gazte anitz batu dela, eta zenbat jendek parte hartu duen Palestinaren aldeko aldarria ozen entzunarazteko».
 
Tamalez, ekimenak oihartzun handia izan badu ere, kaleetan izan du eragin gehiago komunikabideetan baino bere ustez. Azken egunotan, Donezteben, Elizondon edo atzo Beran ere, ikastetxeetako ikasleak ere atera dira kaleetara martxarekin bat egitera. Eta beraz, «Tuteratik abiatzeko ero batzuen burutazio honek, agintariek Israel estatu genozidarekin azaltzen ari diren erantzun epela amaitu, eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko baliagarria» izan dadila espero du. «Berandu izan arren... beranduegi milaka palestinarrentzat, espero dugu ez dadila izan berandu Palestinako herriaren etorkizunarentzat», dio goibel.