Palestinaren aldeko murala auzolanean margotzea proposatu du Larreaundi-Olaberria auzo elkarteak

Koldo Nausia 2025ko ira. 24a, 07:11

Larreaundi-Olaberria auzo elkarteak Palestinaren eta bakearen aldeko murala egitea eskatu dio Irungo Udalari. Komunitatean Giza Eskubideen aldeko baloreak indartzeko, ahalik eta modu parte-hartzaileenean egitea proposatzen du, eta iaz ez bezala, "udalak ekimena blokeatu ez dezala" espero du.

Auzo elkarteak argitu duenez, eskaera hau jada pasa den urtean proposatu zuten, eta Irungo Udalak ekimena blokeatu egin zuen. Urtebete geroago, Larreaundiko auzokideek haien asmoak berretsi egin dituzte, eta "Israel genozidioa munduaren begietara gauzatzen" ari den honetan, eta "Palestinan egoera are jasangaitzagoa" dela kontuan hartuta, udalak aintzat har dezala espero dute. Diotenez, "gure auzoetan eta hirian ezin dugulako inolaz ere genozidio bat normalizatzen utzi". Sarraski honen aurrean herritarren ekiteko betebehar etikoa dela uste du auzo elkarte honek, eta "zerbait egitea" gizarte eragileen erantzukizuna. Izan ere, dagoeneko 64.000 gora izan dira, gutxienez Gazan eraildako pertdonak, eta Israelek ofentsibarekin eta okupazioarekin jarraitzeko asmoak adierazi ditu. Hori gutxi ez balitz, gosetea eragiten ari da Palestinako populazioaren kontra. Eta Nazio Batuen Erakundeak genozidio baten aurrean gaudela aitortu duela nabarmentzen dute.

"Ezin gara sorgor bizi", dio Larreaundi-Olaberria auzo elkarteak. Eta beraz, iaz egindako proposamena berriz ere luzatu diotelarik, Irungo Udalak "elkartasuna adierazteko beharrarekin bat egingo duela eta Palestinaren aldeko murala egiteko oztoporik ez duela jarriko" espero dute, "defendatu beharreko giza-eskubideen defentsan".