ChatControl: segurtasunaren eta pribatutasunaren arteko tirabira

Aitor Errazkin 2025ko ira. 25a, 16:41

Udako etenaldiaren ostean, berriz gaude hemen. Gaurkoan, Europar Batasunean eztabaidan dagoen ChatControl legea izango dugu hizpide: adingabeak babesteko asmoz sortua, baina zalantza handiak sortu ditu pribatutasunean, adinaren egiaztapenean eta zentsuraren arriskuan.

Europar Batasunak azken urteetan bere agendan kokatu du adingabeak Interneten babesteko beharra. Horren adibide da ChatControl legea, 2021ean lehen bertsio batekin martxan jarri zena, eta gaur egun bigarren bertsio baten onarpena negoziatzen ari dena. Legearen helburua argia da: gaztetxoak eduki sexual bortitz eta desegokietatik urrun mantentzea. Hala ere, neurriak praktikan nola aplikatuko diren da polemika iturri nagusia.

Arazoetako lehena adinaren identifikazioa da. Plataformek erabiltzaileen adina frogatzeko sistemak jarri behar dituzte, baina horrek hainbat galdera irekitzen ditu: nola egin modu seguruan? Ziurtagiri digitalek ez dute jaiotze datarik; NIE dokumentuak, migratzaile askoren identifikazio ofiziala Espainian, ez du balioko; eta herrialde askotan ez da existitzen ziurtagiri digitalik. Soluzio modura planteatu da NANaren argazkia edo aurpegiaren azterketa biometrikoa, baina horrek ere ez du segurtasun osoa bermatzen eta faltsifikazioak egiteko aukera handiak sortzen ditu.

Bigarren kezka handia datu pertsonalen kudeaketa da. Zer gertatuko da NANaren argazkiak, selfiak edo bestelako informazio sentikorrak mundu osoko plataformen esku uzten baditugu? Iragan hurbilean hainbat enpresa zigortuak izan dira datuak behar bezala babestu ez dituztelako, eta honek beldurra areagotzen du. Webgune txikientzat, gainera, kostu ekonomiko handiegia litzateke neurri hauek ezartzea.

Hirugarren auzia eduki desegokiaren definizioa da. Zer da pornografia? Zer sartzen da “babestu beharreko” kategoria horretan? Erresuma Batuan, adibidez, uztailaren 25ean indarrean jarri zen OSA legearen aplikazioak ondorio bitxiak ekarri zituen: komunitate osasuntsu eta hezitzaileak hala nola hilerokoari, zoru pelbikoari edo erretzeari uzteari buruzkoak blokeatu ziren adingabeentzako “arriskutsutzat” jo zirelako. Horrela, babesaren izenean, gazteen informazio eskubidea urratu egin daiteke.

Gainera, neurri horiek ez dira gai Interneteko arazo nagusiak konpontzeko: atentzioaren esplotazioan oinarritutako negozio-eredua, edukien moderazio eskasa, eta pribatutasunaren kudeaketa desegokia. Askoren ustez, ChatControl bezalako legeek ez dute benetako irtenbiderik eskaintzen, baizik eta ateak irekitzen dizkiote zentsurari eta kontrol sozial handiagoari. Zer gertatuko litzateke, esaterako, gatazka politiko bati buruzko bideo bat “eduki bortitza” dela esanda blokeatuko balute?

Azken finean, galdera nagusia hauxe da: babesaren izenean, zenbat askatasun eta pribatutasun galdu nahi ditugu? Baliteke arriskuak saihesteko neurri hauek kalte handiagoak eragitea, bai datuen kudeaketan, bai informazioa eskuratzeko eskubidean.