Atsegiñako Erraldoi eta Buruhandiak «ondare material eta inmateriala bizia» direla aitortu du Irungo Udalak

Koldo Nausia 2025eko irailaren 29a

Euskal Herriko konpartsarik zaharrenetarikoaren piezak zaharberritu egin ditu elkarteak 2017az geroztik, eta XIX. mendeko erraldoiak eta XX. mendeko buruhandiak «izaera historiko eta kulturala duen ondare material eta immateriala bizia» direla aitortu du Irungo Udalak orain. Hauen jatorria ikertzeko, kontserbazio eta dibulgazio lanak egiteko marko bat eratzea aztertuko dute orain, belaunaldi berriek ere gozatzen jarrai dezaten. 

Irungo Udalak adierazpen instituzionala plazaratu du Irungo Atsegina elkarteari aitortza eginez. Joan den ostiraleko udalbatzan onartu zuten aho batez hiriko historiaren lekuko den elkarte honen lana, eta bere erraldoiak eta buruhandiak «material eta inmateriala den ondare bizia» direla. Zehazki, Irungo Atsegina elkarteko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren «izaera historiko eta kulturala errekonozitu» du udalak, gaur egun jaietan irundarrek kalez-kale gozatzen dituzten bezala, XIX. mendean dokumentatutako sustraiak dituen ondarea dela aitortuz. 

Adierazpen eta aitortza honi esker, udalak ondare hau zaintzeko marko bat sortzeko aukera aztertuko du. Eta gaur egun Irungo Atsegiña elkarteak bere biltegietan gordetzen dituen erraldoi eta buruhandiak kontserbatzeko ez ezik, ikertzeko, dokumentazioan laguntzeko eta dibulgazioa egiteko aukera berriak sortuko direlakoan daude elkarteko kideak. Izan ere, haien asmoa da Eusko Jaurlaritzak ere ondare izendatu eta babestu dezala. 

Gogoratu beharra dago azken urteetan Irungo Atsegiña elkarteak bere erraldoiak zaharberritzeko, eta buruhandien erreplikak sortzeko lan handia egin duela. Eta irundarrek adierazitako babesa erabatekoa izan dela. Iruñeako Eskuzlan artisauen lantegiarekin lan handia eraman dute 2017an erraldoiak zaharberritzen hasi zirenetik, eta besteak beste, irundarrek ondare honen garrantzia bere egiteko balio izan zuen diru bilketa herrikoi bati esker ere aurrera eraman ahal izan zuten proiektua.

Euskal Herriko zaharrenetarikoak

Eneko Calvo elkarteko kideak dioenez, «irundarrontzat harro egoteko moduko ondarea da, baina bizirik dagoen ondarea da, eta arduraz zaindu beharreko altxorra, ez baita ohikoa, Iruñeako konpartsarekin batera Euskal Herriko zaharrenetarikoak dira gure erraldoiak», dio Irungo Atsegiña elkarteko kideak, «eta buruhandien kasuan, beti erraldoien itzalpean egon ohi direla, garaiko erreplika leialak eginez protagonista bilakatu nahi izan ditugu ere». Joan den urtean burutu baitzituzten 1920. hamarkadakoak diren buruhandien erreplikak egiteko lanak. Eta zaharrak ondo gorde dituzte. 

Aurretik, aldiz, 2017an ekin zioten erraldoien zaharberritzeari. Erakunde publikoek emandako 20.000 euroko ekarpenaz gain, beste 70.000 euro inguru elkarteko 900ndik gora bazkideek eta kanpainarekin bat egin zuten herritarrek diruztatu zuten. Eta hiriko kulturaren eta jaien parte garrantzitsua diren heinean, Irungo nortasunaren funtsezko ondare historikoa ondoko belaunaldiei baldintza onenetan uzteko helburua dutenez, buruhandiekin osatu dute bizirik den aparteko bilduma. 

Erraldoien kasuan XIX. mendera begiratu beharra dago haien jatorria aztertzeko. Eta horretan ari dira oraindik ere. Izan ere, ondare fisikoa zaharberritu eta berreskuratzeaz gain, Irungo Atsegiñako belaunaldi ezberdinek sorbalda gainean eraman eta Irungo karriketan dantzan jarri duten konpartsaren erroak ere argitu nahian dabiltza. 2017an lehen erraldoiak tailerrera eraman zituztenean, adituek ohartarazi zieten uste baino zaharragoak izan zitezkeela. Orduz geroztik, 1922an sortutako elkartearen artxibo eta argazki zaharrak miatzeaz gain, harago joan dira erraldoi eta buruhandi hauen jatorriaren jakin-mina ase nahian. 

Izan ere, 1897an sortu eta 1902an Aquilino Rodriguez Salisek Bilbon erosi omen zituela uste izan dute orain arte, eta jakin badakite 1940. urtean Gal familiak erraldoiak eta buruhandiak dohaintzan eman zizkiola elkarteari. «Pentsatzen genuen Bilbon ibilitakoak zirela, kartel zahar batzuetan agertzen zirelako, baina badirudi Donostian ere ibili zirela, eta ez dakigu kopia batzuk egin ote zituzten, hau argitu nahi dugu», esan du Calvok. Ikerketa martxan dute, eta Iñaki Garrido historialari irundarrak hartu du horretarako ardura. Baina Irungo Udalak egindako aitortzak babes handiagoa emango dio ekimen honi. 

Irungo Atsegiña elkarteak bere konpartsa berritu eta zaintzen jarraitzeko helburua baitu. Baina azterketa historikoak bere jatorria eta sortze-data argituko badu, etorkizun batean irundarren ondare ez ezik, Eusko Jaurlaritzak ondare izendatu eta babestu dezala nahi lukete. Bien bitartean, elkarteak gordeko du altxorra, eta jaietan protagonistak izaten jarraituko dute. Elkarteko kideek dioten bezala «bizirik dagoen ondarea» delako. «Pentsa ehun urtetan zenbat irundar belaunaldik eraman dituzten kalez-kale, eta oraindik ere usadio honekin jarraitzeko harrobia badugu ilusio handiz», dio Calvok.