'Gure Artean': Hango eta hemengo emakume irundarren elkartasun sareak josteko programa bueltan da

Antxeta Irratia 2025eko irailaren 30a

‘Gure Artean-Entre Nosotras’ kultur-aniztasun bitartekaritza programan parte hartzeko deia luzatu die Irungo Udalak emakumeei. Bereziki kanpoko jatorria duten Irungo emakumeen %15a integratzen laguntzeko zuzenduta dago, baina «integrazioaren helburua betetzeko» bertako emakumeen partaidetza ezinbestekoa da. 2024an 55 emakumek parte hartu zuten antolatutako lantaldetan.

Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko arloak 'Gure Artean' Kulturarteko Bitartekaritza programa martxan jarri du berriz. Irunen bizi diren emakume migratzaile eta ez-migratzaileei zuzenduta dago, eta Istillaga plazan dagoen Irungo Emakumeen Etxean antolatzen diren jardueren bidez partaideen artean «elkartasun sareak sortu eta integrazioan laguntzeko» helburua du.

Horretarako, parte hartzaileek beren interes eta esperientzien berri ematen diote elkarri; hiriko ohituren, kulturaren, baliabideen eta zerbitzuen berri jasotzen dute. Eta aldi berean, Irunen bizi eta integratzeko atzerritik iritsitako emakumeek ezinbestekoa duten enplegu bilaketa eta prestakuntza gaiak lantzen dituzte. Hortaz gain, aisialdiko jarduerak antolatzen dituzte, eta hala behar duten emakumeei, hizkuntza praktikatzeko aukera ematen zaie. Baita euren ikasketen titulazioen homologazioan aholkularitza jaso ere. Izan ere, atzerritik iritsi eta haien lanbidean ezin lan egin izateak, prekarizazioa ohi dakar. «Askotan prozesua hain zaila da, hutsetik hastea erabakitzen dutela, beste ikasketa batzuk hasi, eta bitartean lan prekarioak egitera behartuak daude», azaltzen du programaren koordinatzaileak.

Bestalde, autoestimua indartzeko ekintzak ere antolatzen dituzte emakume hauekin. Izan ere, «emakumeak, etorkinak eta kasu askotan arrazializatuak izateaz gain, indarkeria matxistaren biktima ere badira haien artean». Irungo emakumeen %15 baino gehiago atzerriko jatorria du datu ofizialen arabera. Baina emakumeen jatorria anitza den bezala, haien diskriminazio iturriak ere ugariak direla aintzat hartzen du programa honek, eta beraz, partaideen artean elkartasun eta babes sareak sortzeko balio du programak. Izan ere, bertan biltzen diren emakumeen artean egoera oso ezberdinak bizi dituztenak elkartzen dira.

Astean behineko talde dinamika

Alde horretatik, programaren hastapenean emakume migratuei zuzenduta zegoen. Baina 'Gure Artean' programaren funtsezko helburua betetzeko, 2021ean bertako jatorria duten «emakume autoktonoei» ere zabaldu zieten parte-hartzeko deialdia. Gizarte kohesioa bultzatzeko eta emakume hauen integrazioa lortzeko, bertako jatorria duten Irungo emakumeen partaidetza garrantzitsua delako.

Prozesua errazagoa izan dadin, parte hartu nahi duten emakumeek telefonoz eman dezakete izena, Bitartekaritza Soziokulturaleko zerbitzura deituta edo idatzita 943 505 635 / 602 218 196. Astelehen, astearte, asteazken eta ostiraletan, zerbitzuak 9:30etik 13:00ra arte ematen du arreta, eta ostegunetan arratsaldez, 16:00etatik 19:00etara.

Udalak argitu duenez, emakumeek bi talde osatzen dituzte, irailetik ekainera, eta bakoitzak hobekien doakion ordutegia aukeratzen dezake, izan ostegun arratsaldekoa (17:00-18:30), izan ostirala goizekoa (10:00-11:30). Astean behin elkartu ohi dira Irungo Emakumeen Etxean.