Irailean zehar merkatarien arteko esperientziak eta ideiak partekatzeko topaketak egin eta gero, Irungo Udaleko Hiri Bultzada eta Sustapen Ekonomikorako arloak, merkatariak trebatzeko zazpi ikastaro antolatu ditu urriaren 14tik azaroaren 4ra bitartean. Formakuntza saioak eguerdiko ordutegian izango dira, tokiko merkatarien ordutegietara egokituta, eta landuko dituzten arloetan adituak diren hiriko merkatariei beraiek emango dituzte.
Nuria Alzaga arloko zinegotziak azaldu duenez, «Commerce Lab guneak erakutsi digu merkatari askok ez dutela elkar ezagutzen, eta batzuk besteei asko dutela eskaintzeko. Berrikuntza ezinbestekoa da, eta haien esperientziak partekatuz hiriko komertzioaren lehiakortasuna eta irudia hobetu dezakete». Bere ustetan, Serapio Mugika kaleko 8.ean kokatutako laborategi honen irekierak «inflexio-puntu» bat suposatuko du Irunen.
Eta beharrezkoa izango du, Irungo tokiko merkataritza-sareak bizirik iraungo badu. «Ohartu beharra dugu komertzio txikia hirian bizitza dela, gure bizilagunak dira, egunero pertsiana igotzen dutenak», dio Alzagak. Alde horretatik, kontsumo ohitura berrien dinamikak apurtzea zaila bada ere, etengabe hobetu eta egokitu beharra dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako azken inkesten arabera, herritarrek erosketen %25 Internet bidezko plataformetan egiten dituzte. Irunen bertan, bertako merkataritzaren bilakaera garbia da. 2011 urtean 1.000 establezimendu inguru zeuden bitartean, egun 700 komertziok mantentzen dituzte ateak zabalik. Tamalez, eguneroko ogia bilakatu da, auzoetan ez ezik, hutsik dauden lokaletako erakusleihoetan lokala bera eskaintzen duten "Salgai" edo "Alokagai" dauden kartelak ikustea.
Dinamika horri buru egiteko, Serapio Mugika kaleko laborategia hiriko merkatarien topagune bilakatzen ari dela nabarmendu du udal ordezkariak. Eta bertatik, tokiko komertzio txikiak dituen erronkei aurre egiteko «ideia eta aukera berriak» sortzen ari direla.
Prestakuntza ziklo anitza
Horren irudiko, Fernando Vergarak (urriak 20an eta 21ean eta azaroak 4an eta 6an) emango duen argazkigintza ikastaroa dago. Honek gogoratu duenez, Commerce Lab gunean bertan dagoen materialarekin dendariek haien produktuak saltzeko eta irudia hobetzeko kalitatezko argazkiak egin ditzakete gaur egun jada. Material hori haien kabuz erabiltzen irakatsiko die Vergarak antolatutako saioetan.
Gainerako prestakuntza saioek ere, merkatariei haien negozioa hobetu edota euren gaitasunetan trebatzeko aukera emango diete. Marina Zayasek merkataritzako lokalen diseinua eta hobekuntza estetikoari buruzkoa proposatuko du (urriak 22), Mario Etxebarriak erakusleihoen apainketa eta gabonetarako paketeriari buruzkoa emango du (urriak 28 eta urriaren 30ean), eta Ibon Irastorza psikologoaren eskutik, aldiz, merkataritzan dagoen giza faktorea aztertuko dute, (urriaren 29 eta azaroaren 5, 12, 19 eta 26an). Psikologo honek azaldu digunez, «tokiko merkataritza hurbilekoa da, eta harreman humano hori oso garrantzitsua da, bezeroarekin gaitasun pertsonalen lanketak aldea egin dezake».
Hortaz gain, Irun.market online bidezko salmenta sistemaren banaketaz arduratzen den Badoa elkarteak, oraindik plataformara atxikita ez dauden saltokiei zalantzak argitzeko saioa emango du urriaren 14an, 13:30ean.
OHARRA: Formakuntza saioak doakoak dira, baina aldez aurretik izena eman behar da. Horretarako promocioneconomica@irun.org helbidera idatzi ala 943 50 53 37 zenbakira deitu behar da. Xehetasun gehiago hemen.