Azken asteetan CBA Kultura eta Sortzaile Zentro berriak ikusmina eta protagonismo guztia bereganatu badu ere, CBA Udal Liburutegiak bere eguneroko lanarekin jarraitzen du. Iñaki Ceberio zuzendariak dioenez, «ez da bakarrik irakurzaletasuna sustatzeko gune bat, jendea beste gauza askotarako etortzen da». 2024ko erabiltzaileen datuek horixe bera baieztatzen dute. Iaz 158.360 bisitari jaso zituen udal liburutegiak, eta horien guztien artean 57.000 mailegu egin zituzten, gehienak liburuak (%94,48). Baina liburutegian antolatzen dituzten tailer, hitzaldi, ipuin kontalari eta bestelako ekintzekin batera, ikasketa-gelek ere Irungo gazte askorentzat erreferentziazkoa bilakatu da azken 10 urteotan.
Urriaren 2an hamarkada bete berri baitu CBA Udal Liburutegiak. Ikust-Alaia liburutegi zaharra utzi eta bere espazioa bikoizteaz gain, ikasketa-gela erosoagoak eta zerbitzu modernoa eskaintzeko urrats kualitatiboa egin zuen. Kale Nagusian gora egin behar zuten lehen erabiltzaileek, eta orain lehengo egoitzatik oso hurbil San Juan plaza azpira jo beharra dute. Baina irisgarritasun aldetik ere hobekuntza nabaria dela diote gunea kudeatzen dutenek. Eta horrek erabiltzaile kopuruaren gorakada ekarri du.
Izan ere, gaur egun 35.411 pertsona dira bertako bazkide, eta 10 urteotan 5.252 bazkide gehiago batu dira. Hau da, irundarren %48,5a da bertako bazkidea dagoeneko, eta erabiltzaile aktiboak dira oro har. Iaz bazkide helduen %64ak eta adin txikikoen %76ak egin baitzuen liburu eta material maileguren bat. Dena dela, mailegu guztien %54 helduen materialak izan dira, haur eta gazteen %46aren aldean. Bestalde, 2023 urtean baino %10 bisitari edo erabiltzaile gehiago jaso zituen liburutegiak iaz, 158.360 guztira.