Irungo Udal Liburutegiak 10 urte bete ditu hilabete hasieran San Juan plazan. CBA (Carlos Blanco Aguinaga) kulturguneak 2015eko urriaren 5ean zabaldu zituen ateak, eta Ikust-Alaiako egoitza zaharretik bertara lekuz aldatu zenetik, «funtsean zerbitzu berbera» ematen dutela aitortzen badu ere, Iñaki Ceberio zuzendariak dio espazioa 1.000 metro koadrotik ia 2.400 metrora zabaldu eta gune modernoago batetara aldatu izanak, «erakartze-efektua edo efecto llamada» eragin zuela. «Inoiz liburutegira hurbildu ez ziren irundarrak etortzeko ohitura hartu zuten horri esker, eta pandemia garaian apaltze bat eman bazen ere, gaur egun mugimendu handia du liburutegiak», dio Ceberiok.
Joan den uztailean 37 urte bete zituen liburuzainak Irungo Udal Liburutegian lanean, eta eskarmentu handia badu, zerbitzuak ia lau hamarkada hauetan izan duen bilakaeraren lekuko izan da. Egoitza aldaketa nabarmena izan zela dio, «herritar asko aho bete hortz» geratu baitziren lurrazpian zegoen espazioa deskubritzearekin batera. Eta «igogailua martxan dagoenean» Ikust-Alaia baino irisgarriagoa bada ere, udal liburutegiaren zerbitzuan gehien modernizatu egin dena ez da begi-bistakoa. «Dena digitalizatu egin da urteen poderioz, eta Euskadiko Liburutegien Sarean gaude gaur egun», dio Ceberiok teknologia berriek ekarri dituzten hobekuntzak gogoratuz «gauzak aldatu dira, mundua aldatu delako, egiten diren lanak beste era batera egiten ditugu, baina irakurketa lantzea, sustatzea, ikastea... beste baliabide batzuk daude, baina funtsean zerbitzua ez da aldatu».
Sozializatzeko ingurune lasaia
Gainerakoan, espazio zabalagoak, gune atseginagoa eta itxura zaindua duenak, gauza gehiago antolatzeko aukerak ekarri dizkie azken hamarkadan. «Mailegurako espazioa ere handiagoa da, hori ezin dugu ukatu», dio Ceberiok, izan ere, liburu mailegu zerbitzua, ordenagailuak eta Internet kontsultatzeko gunea, bideoteka, mintegiak edota ikasketa-gelak handiagoak dira, eta bertan antolatutako ikastaro, tailer, hitzaldi eta ipuin kontalariek ere arrakasta handia dute. Hala, «jendea beste gauza askotarako etortzen da, sozializatzera, beste pertsona batzuekin topo egitera, liburutegiak zerbitzu soziala ere ematen du, neguan kale gorrian dagoen jendea ere etortzen baita hemen goxo egotera».
Alde horretatik, «liburutegia oso leku demokratikoa da, inori ez zaio galdetzen zein den, zertara hurbiltzen den edo zertarako erabiltzen dituen hemen dauden baliabideak», dio zuzendariak, «askotan jendea bakarrik ez egoteagatik etortzen da liburutegira, eta beste askok lan egitera, baina jendeak elkar ezagutzen du, eta oso leku soziala dela esango nuke».
Baina gauza guztien gainetik, ingurune lasai bat dela nabarmentzen du Ceberiok. Isiltasuna CBA liburutegiak eskaintzen duen balibideetako bat dela dio, baita hau balioan jarri ere. «Ez da bakarrik isil egoteko lekua, hori lortu behar dugu zenbait geletan bereziki beharrezkoa delako, baina isiltasuna luxu bat da», azaltzen du, eta erabiltzaile asko horren bila datorrela pentsatzen du, «hori liburutegian lortzen dugu eta jendeak eskertzen du, zeren hainbeste zarata daukagu kaleetan, etxeetan, telefonoetan... eta ez daude hainbeste leku hirian isiltasunean egoteko».
Horrenbestez, ikasketa-geletan bezala, CBA liburutegian norbere lanetan ari dela oro har isiltasuna eskatzen bada ere, CBA Kultura eta Sorkuntza Zentro berriaren (CBA bigarren fasea) obren ondorioz, «azken aldi honetan galdu egin dugun zerbait izan» dela kexu bada ere, azken urtean instalatu dituzten intsonorizatutako bi kabinarekin hori ere bermatu dute. Eta bi espazio hauek asko erabiltzen dira gainera.
Erabiltzaile gehiago
Hamaika arrazoi izan daitezke CBA Udal Liburutegira hurbiltzeko. Eta datuek diote gero eta irundar gehiago direla bertaratzen direnak. Izan ere, CBAra lekuz aldatu eta 10 urte geroago, Irungo Udal Liburutegiak 5.252 bazkide gehiago baitauzka orain, 35.411 guztira. Irundarren %48,5 suposatzen du horrek, eta Ceberioren ustez, «horrek esanahi du liburutegia ezaguna dela».
Datuak aztertuz gero, bazkideen ia hiru laurdenak erabiltzaile aktiboak dira, eta iaz 158.360 bisitari jaso zituen bitartean, 2023an baino %10 gehiago, horien guztien artean 57.000 mailegu egin zituzten, gehienak liburuak (%94,48). Erabiltzailearen profila egiterako orduan, aldiz, bazkide helduen %64ak eta adin txikikoen %76ak egin zuten iaz liburu edo material maileguren bat. Aldiz, Iñaki Ceberiok ez du uste horrek Irunen asko irakurtzen dela adierazten duenik. Hirian garai batean zeuden liburu-dendak pixkanaka desagertzen joan direla gogoan du batetik, eta bestetik, udal liburutegiaren datuen dinamika ona bada ere, «asko irakurtzen ote den... hori ezin dugu jakin, egia da materiala asko mugitzen dela, eta irakurtzen duten askok, asko irakurtzen dutela Irunen», argitzen du, haatik, liburutegian dauzkaten mailegurako 100.000 aleez gain, «asko dira hemen bertan irakurri eta kontsultatzen diren liburuak, baina aldizkariak, egunkariak eta bestelako edukiak ere», argitzen du.
Bestalde, mailegu guztien %54 helduen materialak izan dira iaz, haur eta gazteen %46aren aldean. «Hori gurasoen eta familien lana da, asko dira haurrekin etortzen direnak», nabarmentzen du. Alde horretatik, haurren eta gazteen liburutegi eremuak arratsaldetan pil-pilean dabiltzala dio, bertan irakurri, maileguen bila edota antolatzen dituzten ipuin kontalari saio eta ekimenetan parte hartzeko. Eta gazte askok ikastetxeko talde-lanak egiteko ere elkartzen dira haien gunean.
Gauza guztiak bezala, dena hobetu daitekeela pentsatzen du Iñaki Ceberiok. Baina CBA Udal Liburutegiak egunero eskaintzen duen zerbitzua hobetzen jarraitzeko lantaldea buru-belarri dabilela azpimarratzen du. Gaur egun 10 pertsona daude bertan lanean. Hala ere, udal langileak 4 direla gogoratzen du. Izan ere, mailegua, harrera eta beste zenbait zerbitzu azpikontratatuak ditu udalak, eta gaur-gaurkoz Pauso Berriko integraziorako lankide bat ere dago udal lantaldearen barruan liburutegian lanean. Hortaz gain, segurtasuneko zaindariak eta «inork ikusten ez duen» garbiketa egiten duten bost lankideak ere gogoan hartzen ditu. «Goizeko 6:00etan bost pertsona egoten dira hau txukun mantentzen, eta horietaz ez du inork hitz egiten», dio.