Santiagotarrak arraun elkarteko 300 bat kirolarik egutegian azpimarratua zuten gaurko eguna, normaltasunez noiz entrenatu ahalko zutenaren esperoan. Irungo Udalak berritutako ontziralekua berriz instalatzen ari dira, eta beraz, Real Union pasealekuan uretara daukaten sarbide egoki bakarra berreskuratuko dutenez, aurki entrenatzen ikusiko ditugu berriz Bidasoa ibaian gora eta behera.
Irungo Udaleko Obra eta Mantenu Lanetarako ordezkariak, Gorka Alvarezek argitu duenez, 2015ean egin zuten bertan azken esku-hartzea, eta Bidasoa ibaiaren korronteek ekarritako lohia ontziralekuaren azpian pilatzen joan denez, eta honen funtzionamendua oztopatzen zuelako erabaki zuten ibai-hondoko lokatzak dragatzea. «Material organiko asko pilatzen joan da urteen poderioz, eta hainbat gabezia zituen, ez zuelako bermatzen ez pantalanaren funtzionamendu egokia, ezta kirolarien segurtasuna ere», argitu du zinegotzi jeltzaleak. Hartara, azken asteetan eremu horretan Aguamarina S.L. enpresak 1.476 metro kubiko lokatz dragatu ditu.
Egokitzapen lan hauek egiteaz gain, azpiegitura hobetzeko aprobetxatu dute. Izan ere, orain arteko plataformak zortzi modulu zituen bitartean, orain bi gehiago ezarri dituzte, eta Alvarezek zehaztu duenez, orain 150 metro koadroko azalera erabilgarria izango dute kirolariek.
Lanak egin dituzten bitartean, ontziralekuaren arranplak Santiagotarrak arraun elkartearen aurreko zabalgunean izan dituzte lehorrean. Eta azpiegitura nagusiaren konponketa lanak Orioko Amibilia Astilleros enpresak egin ditu. Guztira, 221.642 euroko inbertsioa egin du udalak proiektu honetan, eta Borja Olazabal Kiroletako udal ordezkariak aitortu duenez, «hirian Santiagotarrak bezalako kirol elkarte garrantzitsu batek aspaldi adierazitako behar bat asetzen» saiatu dira lehenbailehen.
Jone Otaño, Santiagotarrak elkarteko presidenteak bere partetik, ontziralekurik gabe iragan duten hilabetea zaila egin zaiela azpimarratu du. «Guretzat inoiz ez da garai ona uretara sarbiderik gabe geratzeko, baina denboraldia abiatuta entrenatu beharra dugu, eta zorionez orain baldintza hobeagoetan egin ahal izango dugu», adierazi du esker onez.
Ingurumen babes-neurri guztiak
Lan hauek aspaldi aurreikusi zituen Irungo Udalak kirol elkartearekin adostuta. Hain justu, proiektuak luze jo badu, Bidasoa ibaiaren eremu babestua den neurrian, beharrezkoak ziren ingurumen lege-babes guztiengatik izan dela argitu du Gorka Alvarezek. «Herritarrek askotan esaten dute obrak atzeratzen direla, baina baimen eta prozedura administratiboengatik izaten da, hau motel joan da ere, baina baimen eta txosten guztiak lortzeko urtebete eman dugulako», azaldu du zinegotziak. Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Portu Agintaritzarekin kudeatu behar izan dituzte baimenak, eta argitu duenez, Estatuko Buletin Ofizialean (BOE) 2024ko azaroaren 15ean argitaratu zutenean ez zuten inolako alegaziorik jaso.
Alde horretatik, irailean dragatze lanak abiatu zituztenean Ekologistak Martxan taldeak egindako salaketa gezurtatu du Alvarezek. Natura 2000 Sareko marearteko gune babestua dela gogoratu zuen orduan talde ekologistak, eta kirolarientzako ontziralekua lohietan hondartzeak «lehen mailako premiazko arrazoi gisa ezin dela justifikatu» leporatu zion Irungo Udalari.
Are gehiago, ibai-hondoko dragatze lan horiek biodibertsitatea kaltetzen duten heinean, RN 2000 Europako arauak agintzen dituen konpentsazio-neurriak beharrezkoak direla oroitarazi zuen Ekologistak Martxanek, eta haien arabera, udalak Europako babes-arauak urratu ditu, «bertan bizi diren espezieen eta bertako dinamika naturalen kontserbazioa ez dutelako bermatu».
Gorka Alvarezek argi utzi du lanak «legearen barruan egin direla inolako zalantzarik gabe», izan ere, halako eremu babestuetan edozer gauza egiteko hainbat baimena behar dira. Kasu honetan, eta Irungo Udal ordezkari honek Antxeta Irratiari jakinarazi dioenez, 2024an Uraren Euskal Agentziaren (URA) aldeko txostenaz gain, 2025eko urtarrila eta otsaila artean esku-hartzearen aldeko beste honako txostenak eskuratu zituen udalak honako erakundeen partetik: Gipuzkoako Kostaldeko Zerbitzu Probintziala, (DFG) Lurralde Oreka Berdea Departamenduko Flora eta Fauna Basatiaren Zerbitzua, Itsas Kapitaintza, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarrirako Klima Aldaketaren Egokitzapen eta Natura Ondarearen Zuzendaritza.
Jone Otaño (Santiagotarrak), Gorka Alvarez eta Borja Olazabal hautetsiak ontziralekua instalatzen ari ziren bitartean.
Aguamarina S.L. enpresak ontziralekuaren eremuan egindako dragatze lanak, irailean.