Joan den urriaren 15ean Irungo kaleetan mila lagun inguru manifestatu ondotik, palestinar herria babesteko mobilizazioari eusteko asanblada irekia deitu dute urriaren 23an, 18:30ean, Palmera Montero gunean. Bidasotarrak batzarrera deitu dituzte Palestinako herriaren babeserako dinamikek jarraipena izan dezaten.
Joan den asteazkeneko manifestazioaren bukaeran Irungo San Juan plazan irakurritako manifestuan «genozidio sionistaren aurrean agintarien erantzun epela» salatu zuten. Eta bake negoziazioak martxan diren egunotan, hainbat hamarkadaz dirauen sufrimenduagatik azala urratua duten palestinarrak bezala, «zuhurtziaz jokatu beharra» dagoela gogoratu zuten. «Israel proiektu koloniala da, eta ongi dakigu sinatutakoa edozein momentuan apurtu dezakeela», ohartarazi zuten.
Horregatik, palestinar herria babesteko mobilizazioari eusteko mila arrazoi daudela aldarrikatu zuten, «hildako haur bakoitzeko arrazoi bana». Eta herritarrei urriaren 23an Palmera Montero gunean (18:30ean) antolatu duten asanblada irekian parte hartzeko deialdia luzatu diete.