Kulturartekotasunaren festibala Larreaundin: aniztasuna eta elkarbizitza ospatzeko jaia

Aitor Errazkin 2025eko urriaren 22a

Larreaundi-Olaberria auzo elkarteak Kulturartekotasunaren Hilabetea ospatzen ari da SOS Arrazakeriarekin elkarlanean, aniztasuna eta elkarbizitza sustatzeko asmoz. Hilabete osoko jardueren ondoren, larunbat honetan, urriaren 25ean, ekimenari amaiera berezia emango diote kulturartekotasunaren festibalarekin. Mikel Valero, Larreaundi-Olaberria auzo elkarteko kidearekin hitzegin dugu

Larunbateko jaialdia Larreaundi-Olaberria auzoan ospatuko da, eta Miguel eta Roberto plazan izango da arratsalde osoan zehar. Ekitaldia 16:30ean hasiko da Bidasoako erraldoien desfilearekin, auzoari kolorea eta mugimendua emanez. Ondoren, 18:00etan, “Munduko janariak” izeneko dastaketa kolektiboa egingo da, jatorri desberdinetako platerak partekatuz.

18:15ean, une berezi bat iritsiko da: arrazismoaren aurkako argazki kolektiboa egingo da, auzoko eta inguruko herritarrek elkarrekin mezu bateratua helarazteko. Argazki horrek kulturartekotasunaren balioa eta elkarbizitzaren garrantzia irudikatuko ditu.

Ondoren, 18:30etik aurrera, musika eta dantzaren txanda izango da, herritar guztientzako ikuskizun parte-hartzailea. Eszenatokira igoko dira Baile Folclórico Guardabarranco (Nikaragua), Dolby Gang (Mali), Selektah Stepi (Mosku) eta Remember (Larreaundi).

Mikel Valero, Larreaundi-Olaberria auzo elkarteko kideak, azaldu duenez, “festibal hau auzoaren isla da: jatorri ezberdinetako pertsonak gara, baina helburu bera dugu elkarrekin bizitzea eta elkar aberastea.”

Kulturartekotasunaren Hilabetea auzo osoaren parte-hartzearekin antolatu da, SOS Arrazakeria, Eguzkitza HLHI, Parean Elkartea,  eta Bor-Bor kolektiboarekin besteak beste