irungo errepublikarrak elkartea

Marijo Nogues: «Errepublikaren kultura eta askatasun loraldia suntsitu zuten faxistek, baina jende gutxik daki oraindik Irunen benetan gertatutakoa»

Koldo Nausia 2025ko urr. 22a, 13:29

Nicolas Guerendiain Irungo Errepublikarrak elkarteak 20 urte bete ditu, eta denbora honetan landutako ikerketa gaien bilduma osatzen duen erakusketa antolatu du Palmera Montero guneko atarian. Bidasoan arreta berezia jarriaz, memoria berreskuratzeko prozesuaren erronkak aztertzeko urriaren 24an Pedro Barruso historian doktorea ere gonbidatu dute hitzaldi bat ematera. Eta beste bat gorpuzkinen berreskuratzeaz, azaroaren 14an, Paco Etxeberria forentsea eta Lourdes Herrasti arkeologoarekin. 

Nicolas Guerendiain Irungo Errepublikarrak elkarteak 20 urte bete ditu, "Egia, aitortza eta erreparazioa" leloari eskutik helduta ikerketa eta dibulgazioa egiten. Irungo Pio Baroja institutuan eta eskola publikoentzat egokitutako unitate didaktikoekin pedagogia egiteaz gain, urtero erakusketa publiko bat antolatu du bi hamarkada hauetan. Eta orain artean landutako gaien bilduma osatzen duen "20 urteko ilusioa, lana eta borroka" erakusketa antolatu dute urriaren 22tik 29ra Palmera Montero guneko atarian.

Marijo Nogues, elkarteko kide eta militante errepublikanoak azaldu digunez, II. Errepublika garaiko hezkuntza sistema, kulturak bizi izan zuen loraldia edota garai hartan protagonista izan ziren emakumeei buruz egindako lanen berri topa dezakegu bertan. Baita «hura guztia lapurtu eta suntsitu egin zuen» 36ko estatu kolpe faxistak, eta ondoko frankismoaren garai ilunetan «Irunen emandako gertakariak, eta isilarazitako errealitate gordinak» ere. Horrela, 20 urte hauetan egindako frankistek eraildakoen gorpuzkien indusketa arkeologikoak, 1936an erbestera joan ziren irundarren historia edota, 'Intxorta 1937' kultur elkartearekin kolaborazioan, 1936an Frantziara pasa ziren Irun eta Hondarribiko 2.000 haur baino gehiagoren zerrendari buruzko ikerketa topa daitezke erakusketan.

Irungo Errepublikarrak elkarteak lagunduta ere, 2017an Aiala Oronoz Mitxelenak argitaratu zuen "A Pico y Pala" liburuari buruzkoak ere. «Jende gutxik daki Irungo Dunboako ubidea diktadura frankistak lanera behartutako esklabuekin egin zela, haien zigorrak laburtzeko xedez», dio Marijo Noguesek. Izan ere, 1942-1944 urteen artean "Ferrocarriles y Construcciones ABC" enpresak burutu zuen Olaberria erreka bideratzeko ubidea, 1938an ezarritako “Patronato para Redención la Redención de Penas por el Trabajo” erakundeak Irunen kudeatzen zuen zigor-destakamentuaren lanari esker.

Baina erakusketak egindakoak jasotzen baditu ere, eta elkarteak bultzatutako ikerketak ugariak izanik ere, aurrera begira lanean ari dira. Eta elkarteko kideek ilusio berezia dute Pikoketan (Oiartzun) Paco Etxeberria mediku-forentsearen eskutik abian jarriko duten hurrengo indusketa arkeologikoa. Urriaren 26an Pikoketan (12:30) 1936ko abuztuan fusilatutako biktimen omenezko ekitaldia egingo dute. Baina Marijo Noguesek azaldu digunez, 1976an Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin bertan bildutako gorpuzkinak Irungo Blaia hilerrira eraman zituzten haien senideek, «baina presaka egin zen, eta oraindik ez dakigu zehatz-mehatz bertan dauden guztien izenak, beraz, hilobia ireki eta ondo aztertuko dute orain», iragarri du. 

Horren berri emateko, azaroaren 14an (19:00) Paco Etxeberria forentsea eta Lourdes Herrasti arkeologoa gonbidatu dituzte "Memoria historikoaren eta oraintsuko memoriaren artean" hitzaldia emateko. 

Historia errepika ez dadin

Noguesek dio, elkartearen helburua hasieratik izan zela jendartea informatzea, «gure historian gertatutakoa ez badakigu, etorkizunean berriz errepikatzeko arriskua dugulako». Eta bere ustez, «egungo gizarteari oraindik ere kostatu egiten zaio galdetzea norbere familian garai haietan gertatu zirenak, askori lotsa ematen die, baina ezinbestekoa da». 

Alde horretatik, gaur egungo eskuin muturraren gorakadarekin kezkaturik dago Marijo Nogues. «Jendea nekatuta dago, aski du egunerokoarekin, baina ez gara ohartzen gure askatasuna jokoan dagoela, edozein leku publikoetan hitz egin dezakegu libre, eta euskaraz mintza gaitezke arazorik gabe, zentsurarik gabe», dio, hori beste garai batzuetan pentsaezina zela gogoratuz.

Memoria historikoaren bidean oraindik asko egiteko dagoela aldarrikatzen du. Eta Nicolas Guerendiain bezalako memoria elkarteek lanean jarraitzeko konpromiso handia mantentzen badute ere, administrazio publikotik gehiago egin daitekeela deritzo. «20 urte hauetan hainbat lege lortu ditugu, eta Irunen kale-izendegi eta sinbolo frankistak kentzea lortu dugu, baina udalak oraindik ere ez du Errepublikaren egunean bandera udaletxean jartzea onartzen», salatzen du, «zergatik Eibarren bai eta Irunen ez?», galdetzen du. Aldi berean, estatu laiko baten irizpideei jarraiki, udal agintariek elizkizunetan ofizialki parte hartzen dutela leporatzen die tokiko agintariei, eta hezkuntzan ere «garai bateko sustraiak hor dira, eliza beti sartua dugu leku askotan», kexu da.

Pedro Barrusoren hitzaldia

Hala ere zenbait urrats eman direla aitortzen du, sinbolikoak badira ere. Avenida Zubia memoria leku izendatu duten bezala, Irungo beste hainbat txokotan plakak ezarri dituzte 1936ko altxamendu militarrak eta frankismoak eragindako minak gogoan hartuz. Hain justu, «20 urte hauetan egindako urratsak eta egiteko dagoen guztia aztertzeko, Pedro Barruso izango dugu gurekin berriz», dio Nicolas Guerendiain elkarteko kideak. Izan ere, errepublikar elkarteak 2005ean antolatutako lehen hitzaldia historian doktore honek eman zuen. Eta urriaren 24an, ostiralean, Palmera Montero gunean 19:00etan, "20 urte geroago. Memoria berreskuratzean egin diren aurrerapenak eta egiteke dauden zereginak" hitzaldia emango du.

Elkarteak iragarri duenez, Bidasoari arreta berezia eskainiz, memoria berreskuratzeko prozesua jorratuko du bertan. 2000. urtetik 2007ko Memoria Historikoaren Legea onartu zen artean, eta haren aplikazioak utzitako gabeziak ez ezik, ondoren Memoria Demokratikoaren Legearekin lortutako aurrerapenak ere.