Unai Amiano pilotari irundarrak 4 1/2 Txapelketako finalerdia jokatuko du gaur

Antxeta Irratia 2025eko urriaren 31

Pilotari irundarrak 4 1/2 Txapelketako B serieko finalerdia jokatuko du gaur Diman, 21:15ean, Rekalderen kontra. Senar eta Muruak jokatuko dute beste finalerdia. Eta sailkatuz gero, Amianok joan den irailean bere debut profesionala egin zuen Uranzu frontoian jokatuko luke finala azaroaren 8an.

Unai Amiano irundarrak ezin hobe hasi du bere ibilbide profesionala. Azken hilabetean 4 1/2 Txapelketako B seriean ari da jokatzen pilotaria, eta aitzinera pausuak eman ditu, finalerdietara ailegatu arte. Pasa den urriaren 25ean, Tolosako Beotibar frontoian, lortu zuen Egiguren V.a garaitzea, 22-15eko markagailuarekin. Eta horren ondorioz, lehiaketaren finalerdietara sailkatu zen Amiano.

Honen ondotik, ostirala honetan, urriaren 31n, jokatuko du Amianok finalerdia, Rekalderen kontra. 21:15ean hasiko da partida, Diman. Beste finalerdia, azaroaren 3an ospatuko da, Tolosako Beotibarren (17:00) Senar eta Muruaren artean.

Finala berriz, azaroaren 8an izango da, Irungo Uranzu frontoian (17:30). Unai Amianok pilotaleku berean egin zuen debuta pasa den irailaren 19an eta orain, final bat jokatzeko aukera izan dezake etxeko eszenatoki berezian.