Gipuzkoako Foru Aldundiak 'Emakumeok Mugimenduan' proiektua abian jarri du Irungo Emakumeen Etxearekin lankidetzan. Kirola eta jarduera fisikoa emakumeen artean sustatzeko helburua duen programa pilotua da honakoa, eta Irunen lehen saiakera egin ondotik, Gipuzkoako lurralde osora zabaltzeko asmoa dute. Horretarako ohitura sedentarioak dituzten emakumeak erakarri eta Jarduera Fisikorako Aholkularitza Zerbitzua (SOAF) emango du Irungo Emakumeen Etxeak. Eta 15 plazako bi talde osatuko dituzte azarotik maiatzera, asteazkenetan eta ostiraletan, jarduera fisikoan hastapenak egiteko. 
Goizane Alvarez, Kiroletako foru diputatuak aditzera eman du, hau aurreneko urratsa besterik ez dela izango. Aurrerantzean «norbere gustuko kirola egiten jarraitzeko» Irungo kirol elkarteetara bideratuko baitituzte. Hirian dagoen kirol eskaintza anitza dela azpimarratu du. Eta alde horretatik, tokiko eragileak inplikatzea ezinbestekoa da bere ustetan, emakumeen inguru hurbilenean eraginez eta tokian tokitik esku-hartuz, «jarduera fisikoa emakumeen eskura jartzeko eta hormak apurtzeko» erraztasunak eman daitezkeelako. Izan ere, «emakumeok zailtasunak topatzen ditugu jarduera fisikoa egiteko, bereziki ama garenean edo zaintza lanak gure gain hartzen ditugunean», azaldu du Alvarezek.
Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako inkestaren arabera, zehazki, adin txikikoen zein adinekoen zaintza lanen ardura daukaten 40 urtetik gorako emakumeak dira zailtasun gehien dituztenak kirola modu normalizatu batean egiteko. Baina ezinbestekoa da, oro har, eta bereziki haien osasunarentzat. «Kirolaren onurak fisikoak baino gehiago dira, autoestimua indartzen du eta ahalduntzeko tresna izan daiteke, eta horri esker, zaintza lanak dituenarentzat ere, ingurukoen bizimoduan hobera eragin dezake», azpimarratzen du foru diputatuak.
Kirola egiteko eremu seguruak
Horretarako, baliabideak eskainiko ditu programa honek, eta Irungo Emakumeen Etxea aukeratu dute «epaitua izan gabe kirola egiten has daitezen». Hartara, Irungo Emakumeen Etxeak suposatzen duen eremu seguruan ekingo diote interbentzio estrategia honi. Azaroaren 12tik aurrera «euren bizitzak aldatzeko aukera dute Irungo emakumeek» animatu nahi izan ditu Goizane Alvarezek, azarotik maiatzera antolatuko duten dinamikan murgiltzearekin batera, emakumeen arteko harremanak eta saretze lan bat ere eman daitekeela gogoratuz.
Estrategia abian jartzeko, hileroko bigarren era laugarren ostegunetan (17:00etatik 19:00etara) SOAF aholkularitza zerbitzua eskainiko dute, «kirola egiten hasi nola ez dakien edo zalantzak dituenarentzat». Horretarako hitzordua eskatu behar da 600 394 736 telefonoan edo KOZ.irun@equiponeo.com  helbide elektronikoan. Ondoren, animatuko diren emakumeei zuzendurako saioak egingo dituzte, asteazkenetan (12:30etik 13:30era)  eta ostiraletan (16:30etik 17:30era), Irungo Emakumeen Etxean. Lehenengo saioa azaroaren 12an hasiko da eta entrenamenduak maiatzera arte luzatuko dira.