Astelehenean jarriko duten martxan Amaia Kultur Zentroko proiektorea, 25. urtez, mundu zabaleko arkeologia indusketa eta ikerketa historikoen berri ematen duen espainiar estatu mailako zinemaldi bakarraren filmak pantaila handian eskaintzeko. Sail ofizialean 24 filmek parte hartuko dute, baina urtero bezala, emanaldi eta bitxikeria gehiago bilduko ditu Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoak (FICAB) helburu bakar batekin. «Ikusi, eta gozatuz asko ikasi», dio Aizpea Goenaga festibalaren zuzendariak, izan ere, «mende laurden honetan historia eta arkeologiaren dibulgazioa egin, eta ondarea norbere txokotik zaintzeko helburua izan du FICABek, museotik, hezkuntza zentroetatik edo Bizinema elkartetik». Eta 25 urteotan hiriko eragile andana batek jarri du bere hondar alea horretan, hasieran marjinala zirudien zinemaldi honek,«lortu duen mundu mailako oihartzuna» izatera pasatzeko.
Aurten, adibidez, Italia, Txina, Saudi Arabia, Errusia, Grezia, Frantzia, Txipre, Peru, Txile edo AEBetik iritsitako filmak uakreztu baitituzte lehiaketara. «Egitasmo honetan sinistu zuten eta bultzatu duten guztien lanaren fruitu» dela azpimarratu du gaur, Nuria Alzaga Irungo Udaleko Kultura zinegotziak, Oiasso Museoko terma erromatarren aretoan egindako aurkezpen ekitaldian.
25 urte emakumeen esku hazten
Arkeolan Fundaziotik Mertxe Urteaga arkeologoa (Oiasso Museoko zuzendari ohi eta egun zinemaldiko epaimahaikidea) zinemaldi hau antolatzen tematu zeneko lehen urteetatik hasi, Mariajo Noain historialariak emandako jarraipeneko urteetara, eta Goenagak ondoren hartutako lekukoarekin egindako lanean ardaztutako ibilbide oparoa egin du FICABek. «Festibala emakume batek zuzendu du beti, eta arkeologian bezala, aurtengo zinemaldian ere, aurkeztutako 24 filmetatik 10 emakumeek zuzendutakoak dira», goraipatu du Goenagak. Marka berri bat. Hain justu, EITBk Generoaren Perspektibaren Sustapen Saria emango dio aurten hirugarrenez, historiaren eta arkeologiaren ezagutza parekidean hurbiltzen laguntzen duen filmarik onenari.
Nuria Alzagaren hitzetan, «ez da festibal bat gehiago, garai batean aitzindariek egindako apustuari esker, bertatik mundura egindako zinemaldia baita, eta munduko punta-puntako arkeologia Irunen ezagutzeko aukera eman du urteotan». Mende laurden iraun du, eta sasoiko dago. Batetik, bertako ekarte eta eragile askoren partaidetzari esker, eta kanpoko museo, zinemagintzako aditu eta ikerlariekin ehundutako aliantzei esker. Eta bestetik, zilarrezko edizio honen atarikoan, iaz ikusle kopuru marka historikoa egin zuelako festibalak OCines Mendibileko aretoetan.
Programazio anitza
Aurten Amaia KZra bueltatzen da. Eta emanaldi guztiak pantaila handian emango dituzte. Aizpea Goenagak azpimarratu duenez, «luxu bat da, eta urtetik urtera filma hobeak eta oso anitzak aurkezten dituzte». Aurten Txinatik iritsitako 'Ming Dinastiaren hiri ahaztua' dokumentala, 'Abiseo, Chachapoyatarren baso kulturala' Hego Ameriketako arkeologia lana, edota Grezia klasikoan homosexualitateari buruzko 'Maitaleen gudarostea' bezalako lanak ikusi ahal izango dira, besteren artean, historiaurrea, egiptologia, Ponpeia, memoria historikoa, urpeko arkeologia... gai anitz jorratuko dituzte.
Bestalde, 25. urteurrena denez zerbait berezia egin nahi izan dutela argitu du Goenagak. «FICABen bitartez Oiasso Museoarekin harremana duten beste museo eta ikerketa zentroetako ordezkariekin bilkura egingo dugu, eta topaketa horretan festibala sendotu eta bere etorkizuna bermatuko duen hausnarketa egingo dugu, etorkizuna ereiten jarraitzeko», iragarri du.
Topaketa horretarako gonbidapena onartu dute, Espainiako Museo Arkeologiko Nazionaleko zuzendaria Isabel Izquierdo, Meridako Arkeologia Arte Romanoko zuzendaria Trinidad Nogales, Paloma Garcia Xixoneko (Asturias) museoko ordezkaria, Bizkaiako museotako Aitor Telleria, Arabako Jaione Aguirre edota Katalunyako IKAK arte klasikoko ikerketa institutuko zuzendariak, besteak beste. Azaroaren 13an egingo da historialari eta arkeologo profesionalen topaketa hori, Oiasso museoan.
Sail ofizialaz harago
Dena den, festibalaren arratsaldeko emanaldiez gain, zer ikusi eta ikasteko gehiago emango du. Arratsaldeko 17:00etako saioetan Xabier Peñalver aditua izango da, emanaldiak komentatzen. Eta goizetan Hezkuntza Saila izango da laugarren urtez. ARKMO egitasmoan ikastetxeekin lan egiten dute inguruko ondarea aztertu eta 5 minutuko bideoak ekoitzi ditzaten. Itsaso Bikuña, Oiasso museoko hezkuntza arduradunak aditzera eman duenez, aurten, Irungo Eguzkitza eta San Vicente de Paul ikastetxeek parte hartu dute, eta Ipar Euskal Herririk, aldiz, Baionako Unibertsitateko euskal filologiako ikasleek egindako lana, Nafarroa Beheretik 'Etnologo gazte' proiektua, edota Senpereko Kattalin Elizalde ikastolak aurkeztutako bideoak izango dira protagonista.
Hortaz gain, azaroaren 13an Donostiako Aquariumean urpeko arkeologiari buruzko bi proiekzio proposatuko dituzte. Eta Memoria Historikoari zuzendutako saioak aurkezpena Paul Estomba adituak aurkeztuko du.
Zinemazaleentzat itxiera ekitaldia
Zinemaldi arkeologikoa izanagatik ere, historiazaleak, aditu eta profesionalak eta ikasi nahi duten ikusleekin batera, zinemazale ugari ere hurbildu ohi da FICABeko emanaldietara. Denak dohainik dira. Eta festibala borobiltzeko, Bizinema elkarteak aparteko proiekzioa antolatu du azaroaren 15ean seigarren urtez. Amaia KZa girotzeko dekorazioaz arduratzen da, eta itxiera ekitaldiko proiekzioa antolatzen du. Argitu dutenez, aurten Erroma izango da protagonista, eta horretarako lau pelikula ikonikoenetako materiala erabiliko dute, Ben-Hur, Espartaco, Quo Vadis eta Julio Cesar. Eta La Legión perdida (2014, David Kocar) filma proiektatzeaz gain, itxiera ekitaldian Irungo Legio V. Oiassoko errekreazio taldea gonbidatu dute.
Aurtengo FICAB berezia izango da beraz. Amaia KZko inaugurazio, proiekzio eta itxiera ekitaldietarako gonbidapenak
hemen eskurgarri dituzue, baita Irungo Turismo bulegoan edo proiekzioaren egun berean Amaia Kultur Zentruko leihatilan bertan.
Programazio osoa hemen deskargatu dezakezue. Hala ere, Amaia antzokira hurbiltzerik ez duen orok, ez du aitzakiarik izango. Etxetik online bidez gozatu ahal izango baitira sail ofizialeko filma guztiak FESTHOME plataforman.
Oiasso museoaren webgunetik sar daiteke, eta festibalak irauten duen egunetan, dohainik ikusi ahal izango dira bertan.