«Lan aitzindaria» izango dela diote egileek. Izan ere, historiografia ofizialarekin apurtzen duen bi urteko ikerketa baten emaitza da honakoa. 1936ko uztaileko estatu kolpetik egun gutxira iritsi ziren Europa osotik lehen internazionalistak, eta «Irungo guduan paper garrantzitsua jokatu zutela jakina bazen ere, gutxi ikertu izan da haien figura», dio Aitor Azurki kazetariak. Nazioarteko Brigaden aurrekariak izan ziren, eta boluntario internazionalista horien bizitzari eta heriotzari erreparatu diote inoiz egin ez den bezala. Horri esker, «orain arte guztiz bazterturik egon diren pasarteak ere azalerazi» ahal izan dituzte.
Europa osotik faxismoa borrokatzeko etorriak
Pikoketako fusilamenduen inguruan Miguel Usabiagak 2015ean argitaratutako “Flores de la República” liburuak bultzatu zituen gaiaren inguruan ikertzen hastera, eta 2019an lehen erakusketa bat egin ondotik, arnasa luzeko proiektu honetan murgildu ziren biak. Eta liburu mardula idazteko moduko fruituak eman ditu.
Izan ere, jakin bazekiten, faxistek estatu kolpea 1936ko uztaila erditsuan eman bazuten, abuztuko lehen egunetarako nazioartetik etorritako boluntarioak Bidasoaldean zirela. Gehienak frantses estatutik iritsiak baziren, Europako beste hainbat herrialdetatik ere trenez iristen ziren Hendaiako geltokira. Ondotik, Abenida zubian barrena Irungo frontera joaten ziren, eta orain argitu ahal izan dute norainoko garrantzia izan zuten boluntario internazionalista hauek. «Asko eta asko Frantziatik zetozen, baina dagoeneko 16 herrialdetako 178 lagun identifikatu ahal izan ditugu, eta Italia, Alemania, Polonia, Belgikakoak dira gehienak, baina badira Letonia, Suedia, Ukraina, Jugoslavia eta aparteko kasuren bat ere badago Kanadatik iritsitakoa», nabarmentzen du Aitzol Arroyok.
Artxibategien harietatik tiraka
Haatik, beste 50 bat kanpoan utzi dituzte agiri ofizialak eskas zituztelako. Baina artxibategietan miaketa lan sakona egin dute bi urteotan. Argitu digutenez, Bartzelona, Salamanca eta Avilako artxiboetan aritu dira dokumentazio-fasean, baina hari batetik tiraka hasi eta informazio ugari eskuratu dute Moskuko Interbrigaden artxibategian ere. «Hasieran izen bakan batzuk atera ziren, baina Moskuko Interbrigaden Artxiboan 5 milioi dokumentu gordeak dauzkate, eta lan eskerga handia eskatu digu, baina oso lagungarria izan zaigu», argitu du historialariak.
Horrela, ahanzturaren korapiloak banan banan askatzen joan dira, eta «orain arte ezezaguna zena argitu dugu, uste baino gehiago etorri zirela, eta borrokalari haien garrantzi handia izan zela Euskal Herrian», diote ikerlariek, izan ere, «erregimen totalitarioen zapalkuntzatik ihes egindakoak ziren asko, eta faxismoari aurre egitera etorri ziren azken ondorioetaraino borrokatzeko prest». Alde horretatik, Gipuzkoa kolpisten esku erori ondoren, askok beren borroka jarraitu zuten Bizkaiko, Kantabriako edo Asturiaseko fronteetan. Eta haietako askok kontzentrazio esparruetan amaitu zuten, zaurituta ospitaleetan, edo erailda.

Irungo guduan eragin handia izan zutela diote ikerlariek. Nazioarteko Sorospen Gorriak egindako deialdiari erantzunez hartu zuten fronterako bidea, haien artean militante komunista eta anarkista anitz. Arroyok azaldu digunez, gerra zelaian kanpoko gudari hauen eskarmentuak aldea egiten baitzuen. «Askok Lehen Mundu Gerlan parte hartu zuten edo soldaduskan ibiliak ziren, bazuten esperientzia, eta bertako errepublikarrek ez», dio historialariak. Are gehiago, armak ere ekarri zituzten askotan, maletetan ezkutatuak.
Hala ere, lehen boluntario internazionalista hauen jardunaz ezer gutxi jakin izan da orain arte. «Bertakoen historia ikusezin egin da askotan, baina boluntario hauen kasuan ahaztuetatik ahaztuenak direla esaten dugu beti», azpimarratzen du Aitor Azurkik, «horregatik historia berridatzi beharra dago, eta gurera ekarri behar ditugu». Eta 2026 urtean gertakari haietaz 90 urte beteko diren urtea izanik, une egokia dela pentsatzen dute ikerketaren liburua plazaratu eta merezi duen oihartzuna lor dezan.
Berreskuratutako istorio aipagarriak
Ikerketak argitutako pasarteak ez ezik, 178 internazionalista horien istorioak jasoko ditu 2026ko irailerako plazaratu nahi duten liburuak, bana-banan. Eta dagoeneko hasi dira egindako lanaren dibulgazioa egiten. Joan den urrian haien ikerketaren berri eman ahal izan dute Bartzelonan ospatu den Nazioarteko Brigadisten I. Kongresuan. Bertan Gipuzkoara iritsitako lehen borrokalari antifaxista hauen historia aurkeztu dute, baita aparteko kasu batzuk ere; ‘Estoucha’ izeneko erizain judu poloniarraren figurari buruzkoa; eta Abram Gostynski internazionalistarena.

Alde horretatik, orain arte berreskuratutako istorio aipagarri batzuk azaldu dizkigute elkarrizketa honetan. Haien artean, René Pasque, Louis Boulanger eta Pierre Schavitz troskista belgikarrena. Irungo frontean idatzitako haien gutunei esker jaso ahal izan dituzte faxismoaren aurkako eguneroko borroka nolakoa izan zen, gordintasun eta emozio handiz. Aitzol Arroyok kontatu digunez, «René Pasque modu tragikoan hil zen lehen lerroan, obus batek jota, azken mementora arte Behobiako Punttasen metraileta batekin bere kokapena defendatzen ari zela».
Bestalde, gorago aipatutako Estera Zilberberg ‘Estoucha’ izeneko emakume judu poloniarraren istorioa nabarmentzen dute bi ikerlariek. Belgikatik etorritako erizain komunista gaztea, bere lagun Abram Gostynskirekin batera iritsi zen Bidasoaldera. Ibilbidea benetan aparta izan zuen, Legution lehen lerroan borrokatu zen, eta 'Euzkadi Roja' egunkari komunistan argitaratu zutenez, gudari bat artatzen ari zela zauritu zuten, eta Durangoko bonbardaketa eta ondorengo presoen fusilatzeak bertatik bertara ikusi zituen.
Azkenean ‘Mujeres’ izeneko aldizkari feminista antifaxistako kazetari gisa aritu zen. Bere bizitzak bi ikerlari hauengan halako eragina izan du, non ikerketa liburuaz gain, ‘Estoucha’ izeneko dokumental bat prestatzen ari dira ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, eta Irungo eta Elgetako udalen laguntzarekin.