Paco Etxeberriak eta Lourdes Herrastik Pikoketako fusilamenduak argitzeko lanetaz hitzaldia emango dute ostiralean

Koldo Nausia 2025eko azaroaren 12a

Pikoketan 1936an fusilatutakoen gorpuzkinak berreskuratzeko aurreneko aldiz egin nahi duten indusketa zientifikoa hizpide, Paco Etxeberria antropologo eta forentseak eta Lourdes Herrasti arkeologoak "Memoria historikoaren eta oraintsuko memoriaren artean" hitzaldia emango dute, azaroaren 14an, Palmera Montero gunean. Nicolas Guerendiain memoria elkarteak antolatu du bere 20. urtemugaren programazioaren barruan.

Pikoketan fusilatutakoen hilobia Oiartzungo Pikoketa baserritik 50 bat metrotara aurkitzen da. 1978ko uztailaren 28an senideek egindako lehen gorpuzkinen desobiratze lanetan, bertan fusilatutako Bernardo Usabiagaren anaiak, Marcelo Usabiagak parte hartu zuen. Eta honek egindako ikerketei esker emandako informazioen arabera, zuloak hainbat metro luze zituen, eta Franco hil ondotik senideek hainbat hezur, oinetako eta txanponak berreskuratu zituzten. 1976an baserriko kideek emandako informazioei esker abiatutako bilaketa bururatu zuten horrela. Baina hilkutxa bat betetzeko materiala besterik ez zuten bildu, eta Usabiagaren arabera, bertan pertsona-hezur gehiago geratu ziren, ez zutelako beharrezkoa ikusi ateratzea. Eta ez ziren identifikazio lanak ere egin.

Urte hartan, abuztuaren 2an, Irungo Blaia hilerrian lurperatu zituzten gorpuzkiak Junkal parrokian omenaldia egin eta gero. Eta orduz geroztik, memoria elkarteek urtero omenaldiak egiten dituzte abuztuan, eta azaroaren lehen igandean Pikoketan ezarria den oroitarrian bertan.

Zorretan diren lanak

Haatik, Nicolas Guerendiain Irungo Errepublikarren elkarteko Marijo Noguesek argi dauka «senideek presaka atera zutela ahal izan zutena, baina ez dela inoiz indusketa zientifiko bat egin, behar den bezala, hor nortzuk dauden lurperatuak argitzeko». Izan ere, 2007an Memoria Historikoaren Legea indarrean sartu zen arte, ez zen berriz gorpuzkiak berreskuratzeko saiakera seriorik egin estatu mailan.

Aurretik 2002ko abenduaren 10ean Eusko Jaurlaritzak Gerla Zibila, Giza Eskubideak eta Justizia Sailetik senideen aldarrikapenei erantzunez egindako adierazpenari jarraiki, Aranzadi zientzia elkarteak esku-hartu zuen Pikoketan, 2004ko azaroan. Lourdes Herrasti eta Jimi Jimenez arkeologoek, Iñaki Egaña historialariak eta Paco Etxeberria mediku forentseak 1936an Pikoketan fusilatutakoen senideak elkarrizketatu zituzten. 

Iñaki Egañak argitutako datuen arabera, 1936ko abuztuaren 11n, Aia-Erlaitz-Pagogaina lerroaren ofentsiba faxistaren buru Solchaga koronela zela, Joaquín Ortíz de Zárate koronela izan zen hamabost milizianok Pikoketa baserrian ametrailadora batekin defendatutako errepublikarren posizio horiek hartzeko agindua jaso zuena. Hamabost gazte horietatik Alejandro Colina eta Patxi Arocena baizik ez zuten ihes egitea lortu. Gainerakoak atxilotu eta fusilatu egin zituzten baserriaren hormen kontra. Bildutako informazioen arabera, 17 eta 25 urte arteko gazteak ziren, Mertxe López Cotarelo, Pilar Vallés Vicuña, José María Arruti Idiakez, Victor Genua, Jesús López Casado, Agapito Domínguez, Bernardo Usabiaga Jáuregui, Manuel Justo Alberdi, Miguel López Pascual, eta Vicente Argote, Agustín Bermejo, Félix Luz Echeverría eta Angel Braña López mugazainak. Fusilatutako gehienak komunistak ziren, Victor Genua izan ezik, EAJ-PNVko kidea.

Orain, aldiz, Marijo Noguesek azaldu duenez, 89 urte geroago, Paco Etxeberria eta Lourdes Herrastik hilobia ireki eta indusketa zientifikoak egiteko proiektua dute. Eta horren berri emateko, bi adituekin "Memoria historikoaren eta oraintsuko memoriaren artean"hitzaldia antolatu du Nicolas Guerendiain elkarteak. Palmera Montero gunean izango da, azaroaren 14an, 19:00etan. 2000 urtetik Paco Etxeberriak aktiboki parte hartu du 1936-1939ko gerra zibilean eta ondorengo diktadura frankistan eraildako eta desagertutako pertsonen hilobiak ateratzen. Eta 2020an Espainiako Gobernuaren aholkulari izendatu zuten memoria historikoaren arloan.