2007an Behemendi elkartearen laguntzarekin Erlaitzeko etxola zabaldu zutenetik, azken bi urteak izan dira bisitari kopuru aldetik apalenetakoak. COVID pandemiaz geroztik mendizaletasuna berpiztu bada ere, eta udalak Irun Berdea turismo jasangarria bultzatzeko ahaleginak egin dituen arren, Lapurriturriko informazio etxolak ez ditu pandemia aurreko zifrak berreskuratzea lortu.
Izan ere, 2011n milako bisitarien langa aurreneko aldiz gainditu ondoren, urtez-urte emaitzak hobetzen joan ziren, eta 2019an 1.625 bisitarirekin marka guztiak apurtu zituen. Erlaitz mendian dagoen informazio puntuak urte hartan egin zuen marka historikoa. 2024ko kanpainan 331 lagun besterik ez zituzten jaso, eta aurten 354 lagun hurbildu dira bertara informazio eske. Bisita gehienak udako hilabeteetan egin dira, batez ere uztailean, 93 bisitarekin. Argitu behar da, Aiako Harria natur parkean egin daitezkeen ibilbide ezberdinei buruzko informazioa ematen dutela bertan.
Dibulgazioa eta tailerrak
Aldiz, bertatik proposatutako natur parkearen ondare naturala, historikoa eta geologikoari buruzko bost jarduera tematikoetan plaza guztiak bete ohi dituzte. Baita bertan antolatu ohi dituzten tailer berezietan ere. Iaz leku guztiak bete zituzten bitartean, aurten 60 lagunek parte hartu dute, iaz baino 29 gutxiago. Bertatik ingurumen hezkuntza eta dibulgazioa bultzatzen dutela gogoratu du Borja Olazabalek, eta horretarako, uda honetan mineralen tailerra, polinizatzaileen jolasa, fosilen tailerra... proposatu dituzte, besteren artean.
Borja Olazabal Irungo Udaleko Garapen Iraunkorreko ordezkariak Nerea Ibánez, Lapurriturriko jarduerak kudeatzen dituen Arazi enpresako arduradunarekin batera egin du balatzea. Eta Aste Santuan eta ekainaren 1etik urriaren 31ra bitartean dinamizatutako jardueren balorazio positiboa egin dute.
Alde horretatik, Olazabalek Aiako Harria «altxor naturala» dela nabarmendu du, eta bere ustez, Lapurriturriko Informazio Gunea «erreferentziazko leku gisa finkatzea lortu du, bai irundarrentzat, bai bisitarientzat, Aiako Harrian natura turismoa egiteko orduan». Bertara hurbiltzen diren bisitarien gehiengoa 18-40 urte artekoa da, eta %50 EAEkoak diren bitartean, 10etik 3 irundarrak dira, eta estatuko zein atzerrikoen artean, Frantzia, Italia eta Alemaniakoak izan dira ugarienak.
Osinbiribilera bisita gidatua
Bestalde, joan den azaroaren 8an eguraldi txarragatik Osinbiribilera antolatutako bisita gidatua bertan behera utzi ondoren, Udaleko Garapen Jasangarriaren arloak beste data bat ezarri du bisita egiteko: azaroaren 22an, larunbata, 10:00etan. Argitu dutenez, izena eman zutenei plaza gordeko zaien bitartean, gainerakoek azaroaren 20a arte izena eman dezakete hemen. Bisita Osinbiribileko bidegorritik hasiko da, Iparraldeko saihesbideko zubiaren azpian, Dunboa ubidearen ondoan.