Hartara, 21 emakumeen elkarte eta kolektibo feministek salatu dute, eragileek ez dutela alkatetzak bere kabuz eta eragileekin kontrasterik gabe aldatutako plan hori onartu nahi. 2022ko urriaren 27an adostutakoa baizik. Zehazki, Irungo Emakumeen Etxea elkarteak eta Txingudiko Elkarte Feministak argitu dutenez, Emakunderen egoitzan egindako bileraren ondoren, 21 elkartek sinatutako dokumentu bat erregistratu dute, txosten bat prestatzeko eskatuz, eta txosten hori ere Arartekoari bidaliko zaio. Erakunde sinatzaileek kezka adierazten dute Irungo udal gobernuak (PSE-EE/EAJ-PNV) berdintasunerako eskubidea V. Berdintasun Planaren izapidetzean urra zezakeelako.
Gogoan hartu behar baita, COVID pandemia aurretik hasitako prozesuan, 80 emakume eta eragile anitzen parte-hartzearekin osatu zutela txostena. Eta 2022an jada, Jose Antonio Santanok alardeari buruz adostutako atala kenduta igorri zuela Emakundera, Miren Etxebeste, Elkarrekin Podemoseko zinegotzi eta Berdintasun ordezkariak, originala bidali zuen bitartean. Emakundek 2022an iada eskatu zion Irungo Udalari argitu zezala, zein zen dokumentu ona. 3 urte pasa dira, eta Irungo Udalaren V. Berdintasun Plana tiradera batean gordeta eduki ondoren, alardeari buruzko punturik gabe aurkeztu du Cristina Laborda alkateak.
Eragile feministek diotenez, alkateak onartzera eraman nahi duen planak urratu egiten du jaietan eta jarduera publikoetan udal-administrazioaren aldetik berdintasunez tratatuak izateko eskubidea. «Uste dugu alkateak legezko eta etikako betebeharra duela udal-zerbitzu eta plan guztiak egin, onartu eta aplikatzean, plan hori barne, tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza bermatuko duten neurriak hartzeko», azpimarratu dute.
Era berean, Irungo Udal Administrazioak «oinarrizko eskubideen eta generoagatiko diskriminaziorik ezaren printzipioaren arabera» joka dezala eskatu dute, eta Berdintasun Planak Emakundek eta berdintasunerako udal-zerbitzu teknikoek egindako funtsezko gomendio guzti-guztiak jaso ditzala, Eusko Legebiltzarraren Berdintasunerako Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako legezko agindua bete dadin.