"Indarkeria Matxistaren Aurka, Kaleak Hartu" lelopean, mobilizatzera deitu du ITAIAk azaroaren 25ean. Egunean eguneko ekintzez harago baina, solasaldia ere antolatu dute azaroaren 22an (11:30ean), larunbatean, Irungo Kabigorri ateneoan. ITAIAko kide Sara Mariezkurrenak azaldu digunez, «eskuin muturreko diskurtsoek gora egin duten garaiotan, indarkeria matxistaren arazo estrukturalaren oinarri sozialaz gain, matxismoaren oinarri ekonomikoa eta politikoa ere aintzat hartu behar da».
Bere ustetan, emakumeek «gero eta gehiago» pairatzen dituzten erasoei erantzuteaz gain, ikuspegi politiko sakonago batetik, mugimenduak ikusten dituen aterabide politiko eta sozialen lanketa egin beharra dago. Indarkeria matxistaren aurkako aldarria ezker-eskuin izango dugun honetan,
Izan ere, gainerako eragileek eta erakunde publikoek Azaroak 25 orotan salatzen duten kausa berdina sostengatzen badu ere, indarkeria matxista desagertzeko helburua, ITAIAk ez du soluzio politiko bera defendatzen. «Gaur egun agintariek protokoloak sortu dituzte, eta automatismoak daude erasoei erantzuteko», azaldu digu Mariezkurrenak, «baina erasoak gertatu eta erantzuna emateaz gain, zerbait gehiago egin beharko da gizartea errotik eraldatzeko».
Alde horretatik, belaunaldi berrien heziketa ezinbestekoa dela pentsatzen du, baina era berean, indarkeria matxistari aurre egitea ez dela posible kapitalismoaren kontra borrokatu gabe. «Zapalkuntza guztien buruan dago sistema kapitalista», dio, eta beraz, «emakume langileok aktibatu, eta gizartea eraldatzeko kaleak hartzera» animatzen ditu, «faxismoa eta matxismoaren kontra».