Nagore Laffagen memoria presente mantentzen duen Palmera Monteroko izen bereko parkean aurkeztu zuten atzo Asun Casasola ipuin lehiaketaren 11. edizioa. Nagore beti gogoan, haren amaren borroka eta kemena ohoratzen duen literatur sariketarekin, genero indarkeria baztertzeko ikuspegi baikorra landu nahi dutela azpimarratu dute antolatzaileek hastapenetik. Oihana Llorente, Parean elkarteko kide eta lehiaketaren eramaileak azaldu duenez, «Asun Casasola da ekimen honen motorra, eta hari eta berdintasunaren aldeko bere borrokari omenaldia egitearekin batera, indarkeria matxistarik gabeko gizartea aldarrikatzen jarraitu nahi du».
Horretarako, azaroaren 25aren bueltan luzatu dute aurtengo lanak entregatzeko deialdia, eta otsailaren 8a arte, aurreko urteetan bezala, euskaraz zein gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dira lanak, gazte zein helduen kategorian. www.asuncasasolaipuinak.eus atarian topatuko dituzuen lehiaketaren baldintza eta xehetasunetan argitzen duten bezala, 16 urtetik gorako lan onenak 300 euroko saria jasoko ditu, eta 0-16 bitarteko onenak, aldiz, 100 euroko saria, eta Katakrak liburu-dendak emandako liburu sorta bat ere jasoko dute lan onenen egileek.
Urtero bezala, eskualdeko idazle, kazetari eta berdintasunaren aldeko militanteak izango dituzte bidelagun epaile lanetan. Iragarri dutenez, Yurre Ugarte, Ainara Zuazabeitia eta Aitziber Zapirain arduratuko dira euskarazko helduen lanak baloratzeaz. Eta gaztelaniazko kategorian Mertxe Trantxe, Maria Jose Noain eta Marian Benitez. Gazteen kasuan, aldiz, euskarazko lanak Itziar Gomez, Ainara Maya eta Esther Lopezek hartuko dute lan hori, eta Noelia Lorenzo, Maite Bergara eta Naroa Gonzalez gaztelaniazkoak epaituko dituzte.
Euskaraz eta gazteei dei berezia
Alde horretatik, hamarkada luze honetan ibilbide oparoa egin du lehiaketak. Azkar errotu zen indarkeria matxistarik gabeko jendartea orrialde bakar batean irudikatzeko erronka, eta iaz 500 lan baino gehiago jaso zituzten bitartean, 10 urtetan 5.000 ipuin baino gehiago bildu dituzte. Oihana Llorentek aitortu digu, hala ere, gehienak gazteleraz idatzirikoak izan direla. «Atzerrian sona handia lortu duen lehiaketa da, zorionez, eta bereziki Hego Ameriketatik lan asko jaso izan ditugu», dio Llorentek, «baina indar bat egin nahi izan dugu euskarazko ipuinetan, eta bereziki gazteen kategorian eskoletako ikasleak animatu daitezen».
Iaz, hain justu, ipuin lehiaketaren 10. edizioan ahalegin bat egin zuten zentzu horretan, eta gazteen parte hartzearen gorakadari jarraipena eman nahi diote aurten. «Indarkeria matxista eta berdintasuna lantzeko tresna pedagogiko egokia dela pentsatzen dugu, ipuina idazteko aitzakiarekin ikasgelan lanketa bat egin daitekeelako», dio Asun Casasola ipuin laburren lehiaketaren antolatzaileak. Hortaz, aurtengoan ere, eskualdeko ikastetxeei gonbidapena luzatu diete.