Miren Etxebeste: «Udalak azalpenak eman beharko ditu, Berdintasun Planarekin irizpide demokratikoak eta legea urratu dituelako»

Koldo Nausia 2025eko azaroaren 21a

Gipuzkoako Elkarrekin Podemosek, Maite Cortina, Irungo Udaleko Berdintasun zinegotzi jeltzaleak Batzar Nagusietan azalpenak eman ditzan eskatu du. Kolektibo feministek Arartekora jo eta gero, 2023-2027 urtaldirako V. Berdintasun Plana udalbatzan onartzera eramateko prozesu administratiboa geldiaraztea erabaki du Irungo Udalak. Baina 2022an prozesu parte-hartzaile batean osatutako planetik Irungo jaiei buruzko atala aldebakarrez ezabatu izana «errespetu instituzional falta galanta» iruditzen zaio Elkarrekin Podemoseko bozeramaile Miren Etxebesteri.  

Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak, udalak Irungo V. Berdintasun Plana udalbatzan onartzera eramateko prozesu administratiboa geldiarazteko hartu duen erabakia ospatu du sare sozialetan. Publiko egin duten ohar batean argitu dutenez, PSE-EAJ udal gobernuak 2022an Berdintasun Batzordeak onartutako planetik Irungo jaiei buruz bi atal ezabatuta onartzera emateko aldebakarrez hartutako erabakiaren ondotik, 21 emakumeen elkarte eta kolektibo feministek Emakunderekin bilera egin zuten, eta Arartekora jo eta gero hartu du atzera egiteko erabakia udalak.

Txingudiko Elkarte Feministak gogor salatu du hilabete honetan udalaren jokamoldea. Eta azaroaren 10ean salaketa kolektiboa egin zuten honako elkarteek: Irungo Emakumeen Etxea, Txingudiko Elkarte Feminista,  Bidasoa Aldeko Elkarte Feminista, Gaurko Andreak Berdintasunaren Aldeko Elkartea, Asociación Republicana Irunesa Nicolás Guerendiain, Lumak Haize LGTBIAQ+ Elkartea, Parean Elkartea, Emakumeak eta Zinea Kultur Elkartea, Norberaren Gela kultur elkartea, Alardezaleak, Gure Altxor, Asanblada Feminista Bidasoa M8, Argoiak, Bizirun Elkartea, Arrats Elkartea Aukera, arte eszenikoen Patxan elkartea eta Sustraiitik Gozamenera elkartea.

Anartean, Gipuzkoako Elkarrekin Podemosek, Maite Cortina, Irungo Udaleko Berdintasun zinegotzi jeltzaleak Gipuzkoako Batzar Nagusietan azalpenak eman ditzan eskatu du. Miren Etxebeste, Gipuzkoako Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak Antxeta Irratian gogoratu duenez, bera Berdintasun arloko zinegotzi zela, 2022an egindako prozesu parte-hartzaile baten emaitza da aipatutako V. Berdintasun Plana, eta hau aldatu egin dute PSE-EAJk alardearen afera ager ez dadin. Etxebestek dio, prozesu parte-hartzaile hartan %80 batek alardearen afera planean sartzearekin ados egon zela, «baina erabaki hura ez zen garaiko alkate Jose Antonio Santanoren, PPko Iñigo Manrique zinegotziaren eta EAJko ordezkari Xabier Iridoyren gustukoa izan, eta haien kabuz erabaki zuten plana aldatzea».

Hartara, Emakundera bi plan igorri zizkion Irungo Udalak 2022an, honek oniritzia eman zezan. Miren Etxebestek berak, Berdintasun zinegotzi gisa Berdintasun Batzordean onartutakoa batetik, eta bestetik Jose Antonio Santano alkateak aipatutako aldaketekin igorritakoa. Etxebestek gogoratzen duenz, «gabonetan gutun bat jaso genuen plan ona zein zen argitzeko eskatuz, eta kajoi batean geratu zen orain arte». Izan ere, orain artean Irungo Udalak ez du 2023-2027 urtealdirako plana onartzeko mugimendurik egin.

Kolektibo feministen haserrearen ondoren, aldiz, orain udalbatzara eramateko abian jarritako prozesua berriz gelditu du udal gobernuak berriz. «Gobernua ohartu da irizpide demokratikoak eta berdintasun legea urratzen dituela», dio Elkarrekin Podemoseko ordezkariak, «errespetu instituzional falta galanta iruditzen zaigu, eta Emakunderen lanari kale egitea». Gertatutako episodio honen aurrean, Gipuzkoako Elkarrekin Podemosek Maite Cortina (EAJ-PNV) Irungo Berdintasun zinegotziak Gipuzkoako Batzarretan deklaratu dezala eskatu du. Miren Etxebestek ohartarazi duenez, eskaera bide ofizialetatik egin dute dagoeneko, eta gonbidapena luzatuko zaiolarik, hau onartu ala uko egin dezake.