Kontsumo-eredu alternatiboak daudela erakutsiko du Be Veggie jaialdiak abenduaren 6tik 8ra Ficoban

Aitor Errazkin 2025eko azaroaren 27a

Iaz 6.500 bisitari jaso ondoren, «kontsumo konbentzionalari benetako alternatibak daudela» erakutsi nahi duen azokak urrats bat gehiago egin nahi du bere zazpigarren edizioan. Hazkunde bizian dagoen mugimendu beganoaren eskutik, 63 erakusketari eta 40 jarduera baino gehiago proposatuko ditu abenduaren 6tik 8ra, gastronomia begetala, kontsumo alternatibak, ekimen sozialak eta animalien eskubideen eta ingurumenaren alde lan egiten duen aktibismoaren erakusleiho bilakatuz.

Iazko jaialdi beganoak 6.500 bisitari jaso zituen Ficoba erakustazokan, eta bertan antolatutako jarduera paraleloetan 1.000 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten. Izan ere, Be Veggie jaialdiak konpromiso irmoa adierazi du hasieratik, dibulgazioarekin. Hartara, aurtengoan ere hitzaldiak, showcooking saioak eta tailer ezberdinak programatu dituzte abenduaren 6tik 8ra ospatuko den zazpigarren edizioan. 

Euskadiko erreferentziazko jaialdi beganoak 63 enpresa erakusketari, 6 foodtruck, 15 elkarte, zenbait txakurtegi, santutegi naturalak eta GKEak elkartuko ditu, eta «esperientzia eraldatzaile bat izateko asmoa» duela nabarmendu du Ficobako azoken arduradun Maialen Gaztañagak. Horretarako, aurten urrats bat gehiago egin nahi izan dutela aitortu digu, eta mundu etikoago bat eraikitzeko bidean «ideietatik ekintzetara pasatzea, eguneroko ohiturak eraldatzea eta erabaki bakoitza ekarpen bat dela ulertzea» lortu nahi dutela.

Zazpigarren edizio honetan ondu duten programak ikasteko, hausnartzeko, zalantzak argitzeko edo, besterik gabe, ondo pasatzeko proposamenak biltzen ditu. Eta mugimendu beganoaren erakusleiho gisa, gastronomia begetala, jasangarritasuna, aktibismoa eta ongizateari begira, hiru ardatzetan oinarritu dute: «jatea, ekitea eta ikastea». Horiek baitira antolatzaileen arabera, Be Veggiek bultzatzen duen benetako aldaketa iraunkorrerako hiru zutabeak. 

Hazkunde betean dagoen sektorea

Espainiar estatuan 452 milioi euroko fakturazioa sortzen duen sektorea da. Eta %100 begetala den azoka, azken urteetan erreferentziazkoa bilakatu bada, «Ficobak aukera-nitxo berriak identifikatzeko eta apustu egiteko» duen gaitasunaren irudiko dela nabarmendu du Cristina Laborda alkateak. Gipuzkoako Foru Aldundiak babesten duen azoka da honakoa, eta Jasangarritasun foru diputatuak, Jose Ignacio Asensiok azpimarratu du, «kontsumo konbentzionalari benetako alternatibak daudela erakusteaz gain, inspiratzea den azoka» dela.

Horiek hala, kontsumo-eredu arduratsuago bat lortzeko bidean, keinu txiki bakoitzak aldea egin dezakeela proposatzen du azokak. Iaz bisitarien %80ak erosi zuen zerbait azoka postuetan, eta antolatutako jarduera paraleloetan 1.000 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten. Eta bisitarien %77a gipuzkoarra izan zen bitartean, azokak biltzen dituen enpresa, elkarte, eragile eta profesionalen jatorria oso anitza izango da aurtengoan. Euskal Herrikoak ez ezik, Madril, Katalunia, Valentzia, Galizia, Asturias, Andaluzia, Kantabria, Gaztela-Mantxa, Extremadura, Frantzia, Errioxa eta Araba.

Ficobako arduradunek aurreratu dutenez, edizio honetan bisitariek beganoentzako produktu eskaintza anitza deskubrituko dituzte: gaztak, txokolateak eta kafeak, kosmetikoak, ehunak edo alternatiba begetalak, baita ekimen sozialak eta animalien eskubideen eta ingurumenaren alde lan egiten duten aktibista eta eragileen proiektuak ere.

Sarrera dohainik izango da. Abenduaren 6an eta 7an 11:00etatik 20:00etara zabalik egongo da etenik gabe. Eta abenduaren 8an, berriz, 11:00etatik 16:00etara.