Peluxe-zaparrada eta jostailuen bilketa egingo dute Artalekun ostiraleko partidan

Antxeta Irratia 2025eko abenduaren 10a

Iaz bezala, Gurutze Gorriaren "Jostailu Hezitzailea" ekimen solidarioarekin bat egingo du Bidasoak. Abenduaren 12an Frigorificos del Morrazoren kontrako partidara haur eta gazte behartuenei emateko jostailu berriak eramateko deialdia luzatu die klubak zaleei, eta atsedenaldian "peluxeen zaparrada" egingo dute Artalekuko pistan.

Bidasoa Kirol Elkarteak elkartasun keinu bat egingo du abenduaren 12an, ostiralean, Gipuzkoako Gurutze Gorriak antolatu duen "Jostailu Hezitzailea" ekimen solidarioarekin bat eginez. Gurutz Aginagaldek, Bidasoa Kirol Elkarteko presidenteak nabarmendu du, ez dela lehen aldia klubak ekimen honekin bat egiten duela. Izan ere, iaz ASOBAL Ligako Atletico Recoletas Valladoliden kontrako partidan ere, "peluxe-jaurtiketa" bat proposatu zuen, eta Artalekun jostailu berriak biltzeko gune bat ezarri zuten emaitza nabarmenekin. 

Oraingo honetan ere, Gipuzkoako Gurutze Gorriak 1992. urteaz geroztik antolatzen duen kanpaina babestu nahi izan dute berriz. Eta abenduaren 12an (20:30) Frigorificos del Morrazo taldearen aurka jokatuko duten partidan, «egoera sozial edo ekonomiko ahulean dauden familiak laguntzeko» jostailu berriak bilduko dituzte. Zaleei jostailuak entregatzeko deialdia luzatu die klubak. Eta partidako atsedenaldian, ohiko peluxeen-euria egingo dute Artalekuko pistaren gainean, ekintza sinbolikoa bilakatuz. Eskualdeko adingabe behartuei banatzeko panpinak biltzeaz gain, ikusleek haur zaurgarrienei ematen dieten babesa agerian utzi nahi baitute. Aginagaldek dioenez, «Bidasoa beti da sentikorra eskualdean egiten den edozein gizarte-ekintzarekiko, eta kluba beti egongo da behar dutenen ondoan».

Gugurutze Gorria eskertua azaldu da haur, nerabe eta gazteen «garapen integrala sustatzea, eta jolaserako eskubidea bermatzea» helburu duen ekimen honekin bat egin izanagatik. Oroitarazi dutenez, jostailuak berriak izatea eskatzen dute, ez belikoak, ez sexistak eta hezigarriak edota balio sozialak transmititzen dituztenak. Iazko kanpainan 3.626 umeri jostailuak banatu zizkieten Euskadi mailan, eta horietatik 1.588 Gipuzkoan oparitu zituzten bitartean, 500 inguru Bidasoaldeko Gurutze Gorriak banatu zituen.