Terma erromatarren irekierak erabateko eragina izan du Oiasso Museoaren azken hilabeteetako bilakaeran. Izan ere, museoak ateak zabaldu eta bi hamarkada geroago «berrirekiera» baten antzera irudikatzen zuten bertako arduradunek. Eta aztarnategiak bisitariak erakartzeko «pizgarria» suposatu duela baieztatzen dute datuek. Horren adibide dugu, apirila eta iraila bitartean 14.620 bisitari jaso zituztela, 2024ko epe berean museoa ezagutzeko bisita egin zuten 5.697 lagunen aldean.
Nolanahi ere, joan den urtean bere marka historikoa egin zuen museoak 38.000 bisitarien langa gaindituz, eta aurten, terma erromatarrei esker, joan den urriaren bukaeran marka hori gainditu zutela aditzera eman digu Juanjo Jimenezek, Oiasso Museoaren zuzendari laguntzaileak. Azpimarratzen duenez, «halako aztarnategi bakarra da Gipuzkoan, eta erreklamu galanta izan da bisitari berriak erakartzeko, baita museoa aurretik ezagutzen zutenek berriz deskubritzeko ere». Alde horretatik, apiriletik urrira bitartean Bidasoaldeko bisitarien kopurua ere, %61 batean emendatu da. Arduradunek ez dute zalantzarik, urtea 40.000ko langa erraz gaindituta amaituko duela museoak lehen aldiz.
2026 urtean bilakaera hori hobetzea erronka itzela izango dela aitortzen du Jimenezek, baina baikorrak izateko arrazoirik ez zaie falta. «Irugurutzetako labeak eta meategien interpretazio zentro berrituak ateak zabalduko ditu», gogoratzen du. Bestalde, Ama Xantalen nekropolira zein beste hainbat bisita egiteko aukera emango duen tren berdea erosi berri du Irungo Udalak. Elektrikoa da, eta abian jarri orduko aukera berriak emango dituelakoan daude museoko ordezkariak.
Gabonetako programazio mamitsua
Haatik, Oiasso Museoak bere ohiko eskaintza kulturala garatzen jarraitzen du. Eta urtea borobiltzeko Gabonetako programazio oparoa prestatu dute. Abenduaren 26an, 19:00etan, “Oiassonensis XVII” antzerkia taularatuko dute, eta urtarrilaren 18a arte “5 litro” erakusketa tenporala bisitatu ahalko da ere, One Health BioGipuzkoarekin lankidetzan antolatuta.
Bestalde, haur eta familiei zuzendutako Arkeolab tailerrak proposatzen dituzte, urtero bezala. «Modu autonomo batean familiek indusketa arkeologiko bat nola egiten den eta laborategi lanak deskubritzeko aukera dute jolasean», argitzen du Juanjo Jimenezek. Abenduaren 20an, 27an eta urtarrilaren 3an emango dute horretarako aukera 10:00etik 13:00era 5 euroen truke, museoko sarrera barne. Era berean, espresuki 6 eta 12 urteko haurrei zuzendutako tailerra egingo dute abenduaren 26an (11:00etan), Oiassoko terma erromatarrak ezagutu eta mosaiko baten tailerrarekin. Gazteei zuzenduta (8-16 urte) Oiassortu pintura lehiaketa ere antolatu dute abenduaren 23an (10:00etatik 13:30era), museoan bertan libre marrazteko erronkarekin.
Dena dela, terma erromatarrak protagonista izango dira gabonetan ere. «Igandero, euskaraz zein gaztelaniaz, Termetan Murgiltzeko Esperientzia eskainiko dugu, aztarnategira bisita gidatua errealitate birtualeko betaurrekoen laguntzarekin eginez», dio Jimenezek, «sistema hidraulikoaren funtzionamendua, egiturak eta garaian bainuak nola hartzen zituzten ezagutu ahal izango da, beti sinistu dugu teknologia berriek aukera nabarmenak eskaintzen dituela horretarako». Bestalde, igandero (11:00etan gaztelaniaz eta 12:00etan euskaraz) Ama Xantalen Nekropolira bisita proposatuko dute. Argitu dutenez, «2.000 urtez sakratua izan den nekropoli gunea ezagutu, eta bertatik abiatuta, Irundik zehar Oiasso izan zenekoa irudikatzen duen ordubeteko bisita» proposatuko dute.
Ekimen eta jarduera programaren agenda osoa hemen kontsultatu daiteke.