Astearte honetan, aldiz, abenduaren 16an Pio Baroja institutuko batxilergo artistikoko ikasleen txanda izango da. Gazteak 8:30ean hasiko dira lanean. Eta auzo elkarteko kideek beste bi hitzordu finkatu dituzte horma-irudia guztiz osatzeko. Abenduaren 18an eta 20an 10:00etatik aurrera. Parte hartu nahi duen oro animatu nahi izan dute ekimen honetan parte hartzera. Eta azaldu dutenez, dena ongi-bidean, Palestinaren aldeko murala kolektiboaren aurkezpen ekitalditxo bat antolatzeko asmoa dute aurrerago.
Larreaundi-Olaberria auzo elkarteak ia bi urte darama proiektu hau gauzatu nahian. Izan ere, iaz Palestinaren aldeko horma-irudia egiteko baimena eskatu zion Irungo Udalari, baina honek ukatu egin zion. Pasa den irailean bigarrenez saiatu dira, eta oraingoan lortu dute. Irun Palestinarekin elkartasun taldea batu zaie ekimenera, eta argitu dutenez, “Elkartasuna ez dadila eten” lelopean ustezko su-etena adostu zuenetik Israelek 500 palestinar baino gehiago erail dituela oroitarazi nahi dute.