Irungo trafikoa arinduko duen bide-eraztuna osatzeko hitzarmena sinatu dute Foru Aldundiak eta Udalak

Antxeta Irratia 2025eko abenduaren 17a

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreikusitako 50 milioi euroko inbertsio planaren barruan, Hegoaldeko saihesbidea Behobirekin lotu eta Azken Portuko biribilgunea eraikitzearekin, hiriko zirkulazioa arinduko duen ingurabidea osatuko dute. Proiektua idazteko hitzarmena izenpetu dute bi erakundeek, eta elkarlan horri esker, 2027 urtearen amaieran hasiko dituzte 2,1 kilometroko errepidearen obrak Arbes-Oinaurre lotunea osatzeko. Ikusiko dugun lehen esku-hartzea, aldiz, Azken Portuko biribilgune berria izango da.

Joan den udaberrian Bidasoaldeko trafiko arazoak arintzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarritako 50 milioi euroko inbertsio plana aurrera doa, eta atzo Arbes-Oinaurre arteko lotunearen proiektua idazteko hitzarmena sinatu zuten Cristina Laborda Irungo alkateak eta Eider Mendoza diputatu nagusiak. Horren arabera, 2027 urtearen amaieran obrak hastea aurreikusten dute. Eta proiektuaren arabera, Arbesen lotune erdi berri bat sortuko dute, zirkulazioa Behobitik eta Behobirantz lotuko duena, eta Oinaurren dagoen lotune erdiarekin konektatuko da 2,1 kilometroko errepide baten bidez. 

Eider Mendozak aditzera eman du, azken urteetan Gipuzkoako autobideetan eta gaitasun handiko errepideetan egin beharreko obrak amaitutzat eman dituztela. Eta orain, «erosotasun eta segurtasun errepideen sarea hobetzeko erronka». Haien artean Bidasoaldeko trafikoaren zailtasunak arintzeko helburuarekin aurreko agintaldian eratu zuten Bidasoaldeko Mugikortasun Mahaiak hartutako «konpromisoak betetzeko eta elkarlanerako determinazioa» adierazi du Mendozak.

Eider Mendozak azaldu duenez, Azken Portuko biribilgunea izango dela irundarrek ikusiko duten lehen obra. 

Alde horretatik, Arbes-Oinaurreko lotunearekin batera, zirkulazioa Azken Portun eraikiko duten biribilgune berri batekin bideratuko dutenez, aurretik hasiko dira Irungo Udaltzaingoaren komisariaren aldamenean biribilgunearen lanak egiten. «Ikusiko dugun lehen esku-hartzea Azken Portukoa izango da, baina proiektu guztiak idatzita edo idazteko bidean daude, oso aurreratuak, eta eman beharreko pausoak konplexuak badira ere, obra honen exekuzioa ikusiko dute herritarrek, eta gainontzekoak ere etorriko dira, bere bidea jarraitzen ari dira», azaldu du foru diputatu nagusiak.

Orain izenpetu duten Arbes-Oinaurre lotuena egiteko hitzarmena ezinbestekoa zen aipatutako saihesbide sarea osatzeko. Eta oraindik ere, obrak esleitzeaz gain, lurren kudeaketa administratiboa egin beharko bada ere, Cristina Laborda, Irungo alkateak azpimarratu du hitzarmen horrekin «funtsezko urratsa ematen dela Irunen hiri-mugikortasuna eta trafikoaren antolamendua hobetzeko bidean aurrera egiteko». Alkateak argitu duenez, «etorkizunean, Hegoaldeko ingurabidea amaitzeak eta Azken Portuko biribilgunea eraikitzeak hiria inguratuko duen bide-eraztuna sortzea eta egungo saihesbidearen benetako alternatiba bihurtzea ahalbidetuko du».

Aspaldiko zorrak kitatzeko bidean

Irun Gipuzkoako bigarren hiria izanik, mugaldeko trafikoak eskualdeko errepideetan eragin ohi dituen zailtasunak baldintzatzen dute. Eta azken urteetan trafiko dispositibo eta neurri bereziak elkarlanean abian jarri dituzten bezala, errepide-sarea hobetzeko ere, agintariek «elkarlanerako determinazioa» adierazi dute. Horrek egungo egoera desblokeatzeko aukera emango duela azpimarratu dute. 

Gogoan hartu behar baita, Irungo errepide-sarearen hobekuntza ez dela zirkulazioaren kopuru eta garapenaren tamainakoa izan azken hamarkadatan. Orain, berriz, aipatutako proiektu honetaz gain, guztira 50M€ko inbertsioa aurreikusten dute Bidasoaldean bidasotarren egunerokoa hobetzeko asmoz. Foru Aldundiak iragarri duenez, GI-636 Gaintxurizketatik behera Irun-Hondarribiko noranzkoan goazela, trafikoak elkartzen diren guneetan hobekuntza beharra ikusi dute, Urdanibia hoteleko bidegurutzean eta Bidasoa ospitaleko biribilgunean. Bertan bidegorri bat aurreikusten bada ere, bidegorriko erabiltzaile ez diren txirrindularientzako segurtasuna ere hobetzeko asmoa iragarri dute.

Bestalde, Irungo saihesbidean Donostiarako noranzkoan errail gehigarri bat eraikiko dute Plaiaundi institutuaren aurrean, eta honek Hondarribira irteteko Zubimuxu biribilgunera daraman irteeran. Inguru horren «egituraketa konplexua» bada ere, Amutaldetik egunero pasatzen diren 13.000 ibilgailuak kontuan hartzen dituzte, eta Zubimuxuko biribilguneak jasaten duen zirkulazioaren presioa arindu nahi dute. Era berean, bigarren biribilgune bat aurreikusten dute Hondarribiko sarreran, gaur egun semaforo bidez kudeatzen den Amute-Kostako bide zaharrera sarbidea ematen duen aireportuko bidegurutzean.