Gaur Migratzailearen Nazioarteko Eguna da. Nazio Batuen Erakundearen arabera, 2024an 300 milioi pertsona baino gehiago izan dira mundu osoan migratzera behartuak ikusi direnak. Azken hamarkadetan beti handituz doan kopurua da hori. Nekez uzten ditu inork bere etxea eta sustraiak atzean zerbaitek behartzen ez badu. Eta haien herrialdeak uztera behartutako horietariko batzuk, hain justu, gure eskualdean ditugu. Gure bizilagunak bilakatu dira.
Irunen, zehazki, biztanleen %20 atzerriko jatorria duela diote azken datuek, 2012 urtean %13koa zen bitartean, eta 2007an %9a. Horrek eragin nabarmena du hezkuntza sistema publikoan. Alde horretatik, euskara inklusiorako tresna izan ote daitekeen aztertu nahi izan dugu Antxeta Irratian, Irungo eskoletan bizi duten errealitatera hurbilduz. Izan ere, zailtasun handiak dituzte zenbait eskola publikoetan haurren euskalduntzea bermatzeko, eta hizkuntza menperatzea atzerriko jatorria duten ikasleen ibilbide akademikoa arrakastatsua izan dadin ezinbestekoa da.
Eusko Jaurlaritzak hainbat baliabide jartzen ditu atzerritik iritsitako ikasleak euskalduntze bidean. Baina askotan ez da aski. Ongi dakite hori Irungo zenbait eskoletan, hiriaren errealitate sozioekonomikoaren lekuko baitira, gizartearen isla. Izan ere, azken urteetan atzerriko jatorria duten eta zaurgarritasun arrisku-egoeran dauden ikasle gehienak eskola gutxi batzuetan kontzentratu izan dituzte. Egoera zein den ezagutzeko mahai-ingurua antolatu du Antxeta Irratiak, Belaskoenea eskolako Maitena Illarramendi zuzendaria, Dunboa ikastetxeko zuzendaria Artizar Susperregi, eta Maider Zapirain, Toki Alai ikastetxeko idazkariarekin.
Aniztasuna ikasgeletan
Haien egunerokoan aurre egin beharreko erronka zein den azaldu digute. Illarramendik dioenez, «Belaskoenea zeharo multikulturala da, 32 nazionalitate ezberdinetako ikasleak ditugu, eta familia euskaldunen kopurua ez dut nuloa denik esango, baina 8 bat izango dira, eta etxean euskara erabiltzen duten familiak bat edo bi». Dunboan ere, egoera oso antzekoa dela dio Artizar Susperregik. Dunboako zuzendariak kontatu digunez, 200 ikasle inguru dituzte eskolan, eta «mundu osotik etorritako ikasleak daude, Hego Ameriketatik, Afrikatik, Asiatik... eta euskara etxetik dutenak bakarren bat edo beste, oso anitza eta joan-etorri handiko eskola da, astero aldatu ohi baita». Atzerritar familia asko epe baterako baitaude Irunen, eta beste batzuk ikasturteko edozein unetan heldu daitezke Euskal Herrira. Irungo jatorria dutenen kasuan, aldiz, Dunboa ijito asko jasotzen dituen eskola dela nabarmentzen du.
Toki Alai ikastetxean, aldiz, 600ndik gora ikasle dituzte hiru zentrotan banatuta, eta jatorri ezberdinetako ikasleak dituzten arren, ez proportzio berean. «Matrikula Biziarekin gero eta ikasle berri eta etorkin gehiago jasotzen ari gara, baina maila gehienetako ia gela guztiak beteak ditugunez, gutxi batzuk besterik ezin izan ditugu jaso», aitortzen du Maider Zapirainek.
Zentzu horretan, aurten Toki Alai eskolan bezala, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Txingudi Ikastolara ere dozenaka ikasle bideratu ditu ikasturte hasieratik. Urtean zehar heldu daitezkeenak eskolatzeko ere, zentro bakoitzak aukeran dauzkan plazak eta familien matrikula eskaera ez ezik, eskolen zaurgarritasun maila ere aintzat hartzen hasi baitira agintariek oreka bilatu nahian. Hortaz, beste eskola batean matrikula egindako ikasleak izanik ere, Belaskoenea eta Dunboa bezalako eskoletan zaurgarritasun-tasa handia denez, oreka bat bilatu nahian dabiltza.
Zaurgarritasunaren aurpegiak Irunen
Haatik, zaurgarritasunak ere aurpegi anitz ditu Irunen. Irakasle hauek diote «ikasleen integrazio egokia lortzeko oztopo diren faktore asko daudela». Artizar Susperregik zerrendatzen duenez, «zaurgarritasuna sozioekonomikoa izan daiteke, Irunen oso maila baxuko familiak daudelako», dio Dunboan ikasleen %95ak jangelarako beka jasotzen duela azpimarratuz, «baina zaurgarritasun linguistikoa dago, emozionala, psikologikoa, kognitiboa, eta familiaren inplikazioak ere eragin handia du». Askotan oharkabean pasa ohi zaizkigun egoerak aintzat hartu beharra dute irakasleek ere. Belaskoenea eskolako zuzendariak azaltzen duenez, «etxebizitzaren aldetik Irunen oso zaila da etxe duin bat lortzea, eta batzuetan hainbat familia pilatzen dira etxe bera partekatuz. Eta ez gara ohartzen, baina haur etorkin askok familia banatua dute, parte bat hemen eta bestea jatorrizko herrialdean».
Hartara, baldintza hauek guztiak kontuan hartuta lan egin behar dute egunero ikasgelan, hezkuntza sistema publikoak markatzen dituen erronka akademikoetatik harago doazen ahalegin eta helburuetan. «Aniztasuna ederra da, baina kudeaketa pedagogikoa oso konplexua, egunero bide berriak asmatzera behartuak gaude, baina Hezkuntza Sailaren partetik baliabide gehiago behar ditugu eguneroko errealitateari aurre egiteko», aldarrikatzen du Susperregik.
Integrazioa eta euskara
Hain justu, Dunboa, Belaskoenea eta Toki Alai eskoletan kultur-aniztasunean oinarritutako programa pilotu ezberdinak abian jarri dituzte azken urteetan, ikastetxe barruan ez ezik, ikasgeletatik kanpo ere, ikasleak eta haien familiak euskararekin kontzientzia hartu eta integrazioa bultzatu nahian. Dunboa eta Toki Alai ikastetxeek, adibidez, atzerritik iritsi berriak diren familiak integratzeko Ongi Etorri Eskolara egitasmoarekin bat egin dute. Baina irakasleen borondateaz harago, «kalitatezko hezkuntza publikoa bermatu nahi baldin bada», Hezkuntza Sailak baliabideak indartu beharko dituela argi dute profesionalek.
Gaur gaurko, irakasleak zailtasunetan murgilduta baitaude, eta Euskal Eskola Publikoa euskaraz dela kontuan hartuta, hezkuntza publikoaren aldeko apustua egiten duten bertako familien kasuan, «auzoko eskolaren eta eskola publikoaren aldeko apustua» egiten dutelakoan dago Maitena Illarramendi, Belaskoenea eskola zuzendaria. «Hori haiei galdetu beharko litzaieke, baina nik uste dut familia hauek ez dutela euskara lehentasun bezala, sinistu dezakete D ereduan euskaraz egingo dela, eta haien seme-alabek euskara maila egokia lortuko dutela, baina ez dira errealistak, ez dira haratago joaten, zeren gaur egun eskolan ezin dugu hori bermatu», aitortzen du.