Mugikortasun Jasangarriaren Planaren baitan eta Isuri Apaleko Eremua (EBE/ZBE) zehazteko diagnostikoa egiteko bidean, 2023ko azaroaz geroztik Gipuzkoa etorbidean, Colon ibilbidean eta Urdanibia plazan airearen kalitatea aztertu zuten Eusko Jaurlaritzak utzitako gailuekin. Izan ere, diagnostiko integrala ari dira egiten hiria mugikortasunari, airearen kalitateari eta zaratari dagokionean zein egoeratan dagoen zehazteko. Eta horren arabera, erdigunean Isuri Apaleko Eremuaren sorrerak zein hobekuntza edo eragin izan dezakeen argitzeko.
Hain justu, agintariek aditzera eman dutenez, Eusko Jaurlaritzaren Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sareko estazio mugikorra Colon pasealekuan berriro jarriko dute, 2026ko urtarrila honetatik aurrera. Baina trafikoari lotutako airearen analisiak modu jarraituan egin ahal izateko, aldi berean, Irungo Udala neurketa-ekipo propioa osatzen ari da. Dagoeneko halako zortzi tresna martxan ditu hiriko gune ezberdinetan, eta Garapen Jasangarriko arloak jakinarazi duenez, abenduan hiru ekipo gehiago instalatu dituzte udal monitorizazio sarea osatze aldera. Zehazki, Elizatxo hiribidean, San Juan plazan eta Behobia auzoan kokatuko dituzte hiru ekipo berriak.
Garapen Jasangarriko ordezkari Borja Olazabalek azpimarratu duenez, «oso garrantzitsua da airearen kalitateari buruzko azterlan horiei jarraipena ematen jarraitzea; izan ere, gure helburua Irun hiri bizigarria izaten jarraitzea eta bertakoek bere egunerokoa hemen garatzea baita». Alde horretatik, 2024ko maiatzean jarri zituen Irungo Udalak bere sarea sortzeko lehen zortzi neurgailuak, Next Generation EU funtsen finantzaketarekin, ia 94.000 euroko inbertsioa eginez. Eta orain, hiru ekipo berrien instalazio eta mantentze-lanek beste 66.000 euroko kostua izan dute udalarentzat.