Oiasso museoa hazkunde bizian, 44.000 bisitarien langa gainditu zuen 2025ean

Koldo Nausia 2026ko urtarrilaren 12a

Terma erromatarren irekieraren urteak %14 bisitari gehiago utzi ditu Oiasso Museoaren urteko erregistroetan, iazko marka historikoa baino 6.000 bisitari gehiagorekin. Museoaren erakusketa iraunkorrak ere, inoizko bisitari gehien jaso ditu (18.000), horietatik herena irundarrak. Baina museoaren eskaintza dibulgatibo eta kultural guztietan eman da hobekuntza. 2026an, aldiz, Irugurutzetako labeen irekierarekin jauzi bat gehiago emateko erronka dute.

Oiasso erromatar museoak 44.000 bisitarien langa gainditu du 2025ean. Erabiltzaile aldetik urte historikoa izango zela iragarria zuten museoko arduradunek, urria bukaeran jada 2024ko 38.000 bisitarien marka historikorik onena hobetzea lortu baitzuten. Baina azaroan eta abenduan antolatutako jarduera eta ohiko bisitarien azken zifrek borobildu dute inoizko markarik onena. 

Alde horretatik, terma erromatarrak apirilean zabaldu zituztenetik, aztarnategiak piztutako ikusmina handia izan da. Horren adibide dugu, apirila eta iraila bitartean 14.620 bisitari jaso zituztela museoan, 2024ko epe berean museoa ezagutzeko bisita egin zuten 5.697 lagunen aldean. Nuria Alzaga Kultura zinegotziak irundarren bisita kopurua nabarmendu du kanpoko bisitarien balioa ukatu gabe. «Bisitarien herena Irungoa izan da, eta horietariko askok aurreneko aldiz sartzen ziren museoan», esan du Alzagak, «terma erromatarrek askok museoa berriz deskubritzeko balio izan badu, beste askorentzat bi hamarkada eta gero aurreneko aldiz erakartzeko balio izan du». Izan ere, 2026 honetan, museoak 20 urte beteko ditu, eta horretarako uztailean ospatuko den Dies Oiassonis jaialdia aprobetxatuko dutela iragarri dute zerbait berezia egiteko.

Iazko datuei dagokienez, museoaren arlo dibulgatibo eta kultural guztietan izan du hobekuntza. Juanjo Jimenez, Oiasso museoko zuzendari laguntzaileak aditzera eman duenez, 2006 urtean ateak zabaldu zituenetik museoaren erakusketa iraunkorrak ez zituen hainbeste bisitari erakarri. «Garai hartan 16.000 bisitari lortu ziren, eta terma erromatarrek suposatu duten berrirekierari esker, aurten 18.000 bisitari izan dira guztira», argitu du. Baina bisitari kopuruaren %14ko emendatzea, udako Dies Oiassonis jaialdia, FICAB zinemaldi arkeologikoa, haur eta helduentzako tailerretan, museoan antolatutako kontzertu eta hitzaldietan zein aldi baterako erakusketetan ere eman da 2025 urtean zehar. 

2026ko erronka handia

Gauzak horrela, 2026 urtean datuak hobetzea erronka itzela izango dela aitortu dute museoko arduradunek. Baina Aizpea Goenaga zuzendariak «garrantzitsuena bizirik dagoen museo bat dela, eta pil-pilean dagoena» dela azpimarratu du. Hala eta guztiz ere, 2026an bisitari kopurua 45.000 eta 50.000koen heinean kokatzeko erronka dutela aitortu du. «Horretarako lanean ari gara, Neanderthalei buruzko aldi baterako erakusketa antolatu dugu urte hasiera honetarako, hitzaldi zikloak, tailerrak eta antzerki taldea ere dinamikoa da, baina Irugurutzetako labe eta meategien interpretazio zentro berriaren urtea izango da ere pizgarririk handiena», iragarri du. 

Alde horretatik, Cristina Laborda alkateak azaldu duenez, heldu den astean Madrilen ospatuko den FITUR turismoaren nazioarteko azokan Euskadiko erakusleihoan parte hartuko du Irungo Udalak. Eta bertan, «Irugurutzetako labeak izango dira nobedade nagusia», alkatearen arabera. Europako NextGeneration diru funtsari esker, joan den martxoan Irugurutzetako guardaren etxea eraitsi, eta Meaka auzoko inguru hau eta interpretazio zentroa birgaitzeko 1,6 milioi euroko inbertsioa egin dute. Erromatar garaitik datorren meatzagintzaren historia eta 1945. urtean betiko itzali ziren kiskaltze-labeen ondarea balioan jarri nahi dute, lehen mailako erreklamu turistiko bilakatzeko.

Labordak aurreratu du, 2026ko bigarren hiruhilekoan zabalduko dituela ateak gune berrituak, eta hortaz gain, zirkulazioan jarri ahal izateko baimenen zain dagoen Tren Berde elektrikoa ere martxan jarriko dutela, Oiasso museotik Irugurutzetara bisita egiteko. Honek ere, Ama Xantalen nekropolira eta Irungo aztarnategien itzulia egiteko aukera emango duen heinean, aukera berriak emango dituelakoan daude udal agintariak. Era berean, Aiako Harria natur parkearen ataria den heinean, Irugurutzetak turismo berdeari (Irun Berdea) bultzada emateko baliagarria izango dela pentsatzen du Cristina Labordak.