Gabonetako kanpaina kultural eta komertzialaren
inpaktu ekonomikoa neurtzeko eta herritarren balorazioa jasotzeko Irungo Udalak enkargatu duen inkestaren datuen esperoan, «aurrekaririk gabeko parte hartzea izan duten gabonak ospatu ditu Irungo hiriak» Cristina Labordak gaur goraipatu duenez. Udal agintariek oso balorazio positiboa egin dute, eta kanpainak iraun duen 39 egunetan (azaroaren 29tik urtarrilaren 6ra) antolatutako 117 ekitaldi eta jardueretan «ikusleak eta bisitariak ugari etorri diren bitartean, aparteko arazorik ez da sortu» alkateak aditzera eman duenez.
Izan ere, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak elkarlanean eramandako gabonetako segurtasun dispositiboaren baitan, kaleko delituek %30 behera egin dute Irunen 2024ko gabonekin alderatuta. Zehazki, 2025eko 440 delituen aldean, 308 besterik ez dira eman aurten. Eta horietatik, iazko 86 ebasketekin konparatuz, aurten 69 jazo dira. Era berean, iaz indarkeriarekin emandako 7 lapurretak, 5era apaldu dira oraingoan.
Alde horretatik, Irungo Udalak kanpaina honetan egindako ahaleginak «hiriko kaleak beteak gozatzen ikusteko eta etxean kontsumitzeko beharra asetzeko» balio izan dutelakoan dago Laborda, eta beraz, «Irunek berriro erakutsi du inguruko jendea erakartzeko gaitasuna daukala». Joan den urtean egin zuten kanpainaren eragin ekonomikoaren neurketa aurreneko aldiz, eta Irungo Udalak bideratutako 700.000 euro inguruko aurrekontuaren euro bakoitzak sei bider mobilizatu zituela ondorioztatu zuten. Aurtengo datuak ez dituzte oraindik eskuartean, baina antolatutako jardueretan parte-hartzea emendatu dela neurtu ahal izan du udalak.
Hartara, azken urteetako asistentzia datuen garapena ikusita «gabonak Irunen hiri-ekitaldi garrantzitsu gisa sendotu direla agerikoa da» Nuria Alzaga, Kultura eta Hiri Bultzadako ordezkariaren ustetan ere. Eta aurten "Irun, Gabonetako Izarra - Irun brilla por Navidad" lelopean, kanpainaren erreklamu eta kultur ekitaldi nagusietan jende andana bat bildu da udalaren arabera.
Kanpaina oparoago baten sentsazioa
Zehazki, 19 kultur ekitaldi eta kontzertuetan 6.726 ikusle bildu dituzte, eta Amaia Kultur Zentroan gonbidapen bidezko hitzordu gehienetan sarrerak agortu egin dira. Sargiako parkean antolatutako Eguberriko Herrixkan 1.173 haurrek parte hartu dute antolatutako tailer eta jardueretan. Kanpainaren atrakzio iraunkorrei dagokienez, 13.000 pertsona pasa dira, izan izotz pista, txirrista eta curling-ean, eta Gabonetako Arbola berritasun handia izan dela nabarmendu dute udal ordezkariek. 21 metroko altuerarekin Euskadiko handiena izateaz gain, musika eta argi ikusgarria eskaini du gabonetan egunero. Nuria Alzagak argitu du, datuek parte-hartze handia egon dela baieztatzen dutela, aldizka zenbait jarduera eguraldi txarraren ondorioz itxi behar izan dituzten arren.
Iaz egindako inkestaren arabera, parte-hartzaileen %10 besterik ez zen Irundik kanpokoa izan. Eta aurten datu ofizialik ez dute oraindik, baina bisitari gehiago hurbildu dela aditzera ematen duten datu batzuk nabarmendu ditu Alzagak, San Juan plazako aparkalekuaren okupazioak %9 egin baitu gora iazko gabonetako kanpainarekin alderatuta. Nolanahi ere, gabonetako kanpainaren helburu nagusia irundarrek bertan gozatzea eta kontsumitzea dela gogoratu du udal ordezkariak, eta zentzu horretan, «bertako elkarte, eragile, ostalari eta merkatariekin batera antolatutako ekimenek» duten garrantzia goraipatu du.
Bidashop ostalari eta merkatarien elkarteko ordezkariek ere, Irungo Udalarekin lankidetza eta planifikazioa eskertu dute, eta bezero edo kontsumo datu zehatzik eman ez arren, bisitari eta bezero gehiago mugitu dela sentitu dute. Dena den, «inkonformistak» izatera gonbidatu, eta beraz, hobetzen jarraitzeko borondatea eskatu diete udal agintariei.