Irungo Udalak eta Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak (ACMI/IEEE) Irungo Emakumeen Etxearen aurka posta elektronikoz jasotako heriotza-mehatxuaren aurrean gaitzespen irmoena adierazi dute ohar baten bidez. Atzo mezua jaso ondoren, salaketa jarri zuten eta Ertzaintzak ikerketa bat abiatu du gorroto delitu baten aurrean daudela ulertuta.
Polizia-zerbitzuak Istillaga plazan dagoen Emakumeen Etxera bertaratu ziren, eta udal ekipamendua ixtea erabaki zuten. Hala ere, zerbitzua astearte honetan berriro ireki du Irungo Udalak, aditzera eman dutenez, segurtasun-neurri egokiak hartuta. Gogoan hartu behar da, egoitza honetan Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak bere ohiko tailer eta jarduerak antolatzen dituela arratsaldetan. Elkarte honek hiriko emakumeen elkarte eta kolektibo feminista gehienak biltzen ditu bere baitan. Baina Irungo Udalak hainbat zerbitzu eskaintzen dituela bertan goizeko ordutegian. Berdintasun arlotik zuzendutako Ahalduntze Eskolak, Gure Artean emakume migranteen integraziorako programa edota, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako aholkularitza juridiko eta psikologikorako zerbitzuak, besteak beste.
Irungo Udalak barkamena eskatu du, gertaera honen aurrean, aldi baterako itxiera honek Irungo Emakumeen Etxean programatutako jardueren ohiko funtzionamenduan sor ditzakeen eragozpenengatik. Era berean, bizikidetzarekin, berdintasunarekin eta balio demokratikoen defentsarekin duen konpromisoa berretsi du.
Oroitarazi beharra dago, alde horretatik, honakoa ez dela Irunen azken aldian emandako feminismoaren kontrako eraso bakarra. Izan ere, gertakari isolatua izan arren, joan den azaroaren 4an feminismoaren aurkako pintaketaz josita esnatu zen Irungo erdigunea, Elitxutik hasi eta San Juan plazaraino. Komuna publikoetan, autobus geltokietan zein erdiguneko etxebizitza eta establezimenduetako hormetan, Irungo Udalak «kutsu misoginoa duen ekintza bandalikoa» salatu zuen, eta egilea identifikatu egin zuen gero Irungo Udaltzaingoak bideozaintza kameren irudiei esker.