Irungo Emakumeen Etxeak jasotako mehatxuak gaitzetsi dituzte

Antxeta Irratia 2026ko urtarrilaren 21a

Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak batzen dituen kolektibo feministek eta emakumeen elkarteek deitutako elkarretaratzean, dozenaka herritar eta udal agintariak bildu zituen atzo 19:00etan Istillaga plazan. Udal ekipamenduaren atarian "Matxismoa Hiltzaile" zion pankarta batekin Ertzaintza ikertzen ari dituen mehatxuak gaitzetsi zituzten.

Atzo segurtasun-neurriekin berriz ateak zabaldu zituen Irungo Emakumeen Etxeak. Eta bertako ohiko jarduerak amaitu ondoren, 19:00etan dozenaka irundar elkartu ziren udal ekipamenduaren atarian. "Matxismoa Hiltzaile" pankarta batekin, Irungo Udalak eta Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak (ACMI/IEEE) astelehenean salatutako mehatxuak gaitzetsi zituzten. Mobilizatzera deitu zuten, besteak beste, Bidasoaldeko Elkarte Feminista, Gaurko Andreak, M8 Asanblada Feminista Bidasoa, Uxoak, Txingudiko Elkarte Feminista, Argoiak, Lumak Haize, Parean eta Emakume eta Zinea elkarteek. 

Aurretik, Irungo Emakumeen Etxeak posta elektronikoz jasotako heriotza-mehatxuen larritasuna ikusita, astelehenean zerbitzua ixteko erabakia hartu zuen Irungo Udalak. Salaketa jarri zuten, eta Ertzaintzak ikerketa abiatu du gorroto delitu baten aurrean daudela ulertuta.