Joan den urtean, Irungo Kalderero edo Kauteren Konpartsak «ijito herriarentzat umiliazio puntu bat» duela salatu zuen Antxeta Irratian Irungo Kera emakume ijitoen elkarteak. Ospakizunaren atzean maliziarik dagoenik ukatzen dute, baina payoentzat oharkabean pasa daitekeen arrazakeria kutsua saihesteko, festa ereduaz hausnartzeko beharra dagoela pentsatzen dute, ijito herriaren kultura eta integrazioa balioan jartzeko aukera eman dezakeelako. Izan ere, «kultura apropiazio ekintza» bat ikusten dute Kaldereroen konpartsan. «Ez dugu inoren kontra joan nahi, baina hausnartzera gonbidatu nahi dugu», adierazi du Palmira Jimenezek, Kera elkarteko kideak Solasten Romi podcastean. Are gehiago, Irungo ijito komunitatean ere «ijitoen festan» parte hartzeko beharra aztertu beharko luketela uste du.
Zingaroen antzezpena
Urtebete pasa da, eta inauteriak iragartzeko tradizioa bere horretan mantenduko da, aldaketarik gabe zentzu horretan. Irungo Atsegiña elkarteak Kalderero edo Galdaragileen Konpartsa prestatzeko azken lanetan ari dela iragarri du. Kalderero edo kauterak konpartsaren ohitura zaharra, 70. hamarkadan berreskuratu zuen Irunen elkarte honek. Eta orduz geroztik, urtero inauteriak iragartzen dituzte eltzeen zaratari eraginez Hungariako ijito edo zingaroak direla antzeztuz.
Elkarteak aditzera eman duenez, azken urteotan ekitaldi hau sendotzeko eta hobetzeko lan egin dute «konpartsari edertasuna gehitzen dioten xehetasun txikiak sartuz, baina betiere bere jatorrizko esentzia galdu gabe». Eta urtez urte Irungo hirian «hain errotuta dagoen izpiritua bizirik mantentzeko», antzinako kaldereroek hirian egindako ibilbidea oroitarazten duten kantuez beteko dituzte kaleak berriz ere, otsailaren 7an. Iragarri dutenez, 19:00etan hasiko da konpartsa bere jantzi koloretsu eta metalezko harrabotsari eragiten San Miguel auzuneko Alberto Anguera plazatik San Juan plazaraino ibilbidean. Normalean, topoaren geltoki inguruan eta Casino parean ere geldialdiak egiten dituzte, eta plazan ijitoen ezkontza bat antzeztuko dute.
Irungo Atsegiña Elkarteak parte-hartzea piskanaka handituz joan dela nabarmendu du, eta gero eta jende gehiago biltzen dela diote, bai elkarteko bazkideen artean, baita animatzen diren irundar norbanakoei esker.
Konpartsaren entseguak
Alde horretatik, konpartsaren parte izateko eta kantak ondo ikasteko, bi entsegu antolatu ditu elkarte antolatzaileak, Irungo Atseginaren egoitzan bertan. Otsailaren 3an eta 5ean izango dira 19:30ean. Oroitarazi dutenez, konpartsaren ekitaldi irekia bada ere, horretarako jantzi egokiak ezinbestekoak dira, eta haien ustetan entseguetara joatea aukera ezin hobea da tradizio honen historia hobeto ezagutzeko eta desfilea sakonago bizitzeko.
Era berean, otsailaren 7an desfilea behin amaitutakoan, Irungo Atsegiña Elkarteak ohiko afaria antolatuko du, parte-hartzaileak eta lagunak biltzeko aukera eskainiz. Afarian izena emateko epea otsailaren 4an itxiko dute, eta aski izango da elkarteko posta elektronikora idatzita (sociedad@irungoatsegina.org) edo 656706884 zenbakira deituz lekua erreserbatzea. Iragarri dutenez, menuen (kontsomea, entsalada oilasko eta patatekin, postrea, kafea, ardoa, sagardoa eta ura), prezioa pertsonako 16 eurokoa izango da.