Otsailaren 22an Irungo Atsegina elkarteak antolatzen duen Kaldereroen konpartsa (kauterak) prestatzeko bi entsegu deialdi egin ditu. Inauteriak iragartzen dituen ospakizuna denei irekia dela oroitarazi dute, eta otsailaren 18an eta 20an, 19:00etan, elkartearen egoitzan egingo dituzte ensaioak. Elkarteko kideek azaldu digutenez, 70. hamarkadan berreskuratu zuten ohitura zahar hau, kalez-kale lapiko edo eltzeen harrabotsarekin inauteriak iragartzen dituzten Hungariako ijito edo zingaroen antzezpena eginez.
San Migel auzoko Alberto Anguera plazatik abiatu eta Zabaltza plazan eta Kale Nagusian geldialdiak egin eta gero, San Juan plazan amaitzen dute. Elkarteko ordezkariek esplikatu digutenez ijitoen ezkontza antzezten dute, «ustezko zauria egin, eta odola bustinezko lapikoan sartuta, hau jaurti eta puskatzen den zati kopurua bezain beste seme-alaba izango dituztela irudikatzen da».
Eltzeen arrazoia, aldiz, «garai batean zulatzen ziren burnizko lapikoak konpontzen genituelako zingarook hirira iristerakoan, eta urrezko txanponen apaingarriak, banketxeekin ez garelako fidatzen, eta urrea edozein lekutan aldatu daitekeelako gordetzen dugu», dio elkarteko ordezkari honek ijito zingaroa balitz bezala, bistan dena, ospakizunerako antzezten duen pertsonaian dagoeneko murgilduta.
Ijitoen antzezpenean, ijitorik ez
Baina, ba al dakite Irungo ijitoek inauterietan ijitoak pertsonai dituen Kaldereroen ospakizuna zer den? Eta zer pentsatzen dute? Horrekin interesatu gara Antxeta Irratian, eta erantzuna gure gizartearen erakusgarri da. Irungo ijito asko eta askok ez dute ospakizun honen berririk.
Ijitoen komunitatea EAEn 14.000 lagun ingurukoa da. Horietatik 3.000 gipuzkoarrak dira, eta Oreretan edo Irunen bereziki komunitate garrantzitsua osatzen dute. Horren irudiko dugu Irunen lan egiten duen Kamelamos ijitoen kultura eta eskubideak defendatzen dituen elkartea, baita emakume ijituen I-Romi edota feminismo dialogikoa bultzatzen duen Kera emakume ijitoen elkartea ere. Flamenco del Norte kultur elkarteak bere partetik, ijitoen iruditeria publikoa hobetzeko, eta aurreiritziak apurtzeaz gain, haien kultura babestu eta berreskuratzeko lanak egiten ditu euskara, gaztelera eta romani hizkuntzak landuz.
Erromintxela delako hizkuntza hibridoa ere garatu zuen ijitoen komunitateak Euskal Herrian XV. mendetik aurrera, romania eta euskararen arteko nahasketatik. Izan ere, euskaldunak sentitzen dira, baina ijito herriaren identitatea galdu gabe, historian zehar sistematikoki baztertu dituen gizarte honen parte izan nahi dute, eta integrazio efektiboa bilatzen dute elkarte hauetatik.
Irungo Lope de Irigoyen kalean egoitza duen Kera emakumeen ijito elkarteko (KEIE) Palmira Dual Jimenez eta Ane Toledorekin hitz egin dugu Kaldereroen ospakizunari buruz. Elkarte antolatzaileekin mintzatuta, «ez dute arrazakeriarik ikusten edo maliziarik, baina gizarte honetan arrazismoa halakoetan sutila izan daiteke eta eragin handia du», dio Ane Toledok, «zanpatua den ijitoen kultura antzezten ari zaren heinean, apropiazio kulturala egiten ari zara, eta ondo legoke herrikideak diren horiengana hurbiltzea hausnartzeko zer ospatzen den, eta Irunen ijito komunitatea dagoenez, parte hartzera gonbidatu edo ikustea nola ospatu daitekeen modu egokiago batean». Palmira Dual Jimenezek argi utzi du, ez dutela arrazakeria eraso gisa ikusten. «Hala ere, ijitoen ohitura edo ospakizun bat egitea ijitorik gabe, umiliazio puntu bat badu guretzat», aitortzen du.
Zentzu honetan, Irungo emakume ijitoen kolektiboarekin, eta bertako zein beste udalerrietako aktibista batzuekin partekatu dute zalantza. Eta gehienek Kaldereroak zer ziren edo ijitoen ezkontza antzezten zenik ere ez zekitela azpimarratu du Palmirak. Halaber, nahiago du mezu positibo batekin geratu. Ijito herriaren baloreak gizarteratzeko balio dezakeela uste dute, hau landuko balute.
Beraz, ez dute inor haserratu edo mindu nahi, baina ospakizunaren eredua bitan pentsatzeko gonbidapena luzatzen dute. «Badakigu jendeak parte hartzen duela ondo pasatzeko gehiegi pentsatu gabe horren atzean zer dagoen, baina horretan arrazakeria ez ikusteak, ez du esan nahi ez dagoenik, eta beste ospakizun eta tradizio askotan gertatzen den bezala errazena da horretan ez pentsatzea», argitzen dute Kera elkarteko kideek.
Hala ere, Kaldereroetan ijitoek parte hartuta ere, «urte osoan zehar baztertua eta zanpatua den herriarekin egun bakar batean bat egitea ez da nahikoa» haien ustez.