Irungo hiria indar faxistek erre zutenetik 90 urte beteko dira heldu den irailean, eta urteurren tristea Avenida zubiak historian zehar izan duen papera oroitzeko aukera izanen bada ere, Memoria Demokratikoaren Gune izendapena ofizialki onartuta duela izango da. Irungo Avenida zubia, Espainiako Gerra Zibilean eta diktadura frankistaren garaian milaka herritar erbesteratu ziren tokia, Memoria Demokratikoaren Gune izendatu dute ofizialki. Duela urtebete hasitako prozesua amaitu eta astelehenean ofizialki argitaratu zen Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE).
Avenida zubia izan zen aipatutako gatazkan Espainiatik ihesi joan ziren errefuxiatu-boladen aurreneko kokalekua, eta 2022ko otsailean ofizialki omenduak izan ziren nazien akabatze esparruetan amaitu zuten 23 irundar, Holokaustoaren Biktimen Omenezko ekitaldi batean. Presoen truke-gune gisa ere balio izan zuen zubiak, eta Frantziaren okupazio naziarekin bat etorri ziren eskualdatze historikoen eszenatokia ere izan zen, hala nola, Gestapok egindakoak, Lluís Companys Kataluniako Generalitateko presidentea frankistei entregatuz (geroago Montjuïcen exekutatu zutena 1940ko urriaren 15ean). Memoria Gunearen izendapenarekin batera, plaka bat ezarriko dute. Eta horretarako, heldu den ostiralean (12:00etan) ekitaldi ofiziala egingo dute. Bertan Fernando Martinez, Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaria gonbidatu dute.
Hain justu, Antxeta Irratiak, Irun eta Hendaia, Gipuzkoa eta Lapurdi batzen dituen Avenida zubian "Deserriratuen Memoriaren Zubia" erakusketa antolatu zuen joan den udan, leku hau zatiketa gune izan bada ere, elkartasun gune ere izan delako urteetan zehar.