"Deserriratuen memoriaren zubia" erakusketaren aurkezpenean memoriaren beharra azpimarratu dute

Aimar Lopez 2025ko ira. 2a, 13:27

Irungo sutearen urteurrenean, Avenida zubian 1936an eta historiako bertze hainbat pasarte ilunetan izandako deserriratzeak oroitarazi ditugu Antxeta Irratiak, Irungo eta Hondarribiko udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Gaur aurkeztu dugu Avenida zubian "Deserriratuen memoriaren zubia" argazki eta podcast erakusketa. Aitziber Zapirainek, Antxeta Irratiko koordinatzaileak, komunitate irrati gisan memoria lantzeko engaiamendua eta belaunaldi guztiak memoriaren inguruan elkartzeko konpromezua oroitarazi ditu.

Gorka Álvarez Irungo memoria demokratikoko hautetsia, Igor Enparan Hondarribiko alkatea eta Ion Gambra Gipuzkoako Foru Aldundiko giza eskubideen zuzendaria ere bertan izan dira, eta gerlaren eta deserriaren memoria bizirik atxikitzearen beharraz aho beretik mintzatu dira. Hala, gaur hasi eta igandera arte luzatuko den erakusketa goraipatu dute, halako ekitaldi gehiago egiteko beharra berretsiz.

Argazkien bidez sarraskia eta ondorengo elkartasuna oroitzeko ekimena

Irailaren 4an 89 urte beteko dira faxistek pizturiko suen garrek Irun kiskali zutenetik. 1936ko uda bukaera hartan Avenida zubiak ehunka herritar ikusi zituen ihesian, historian zehar bertze hainbertze alditan gertatu den bezala.

Urteurrena aintzat hartuta, Antxeta Irratiak, Irun eta Hendaia, Gipuzkoa eta Lapurdi batzen dituen Avenida zubian erakusketa antolatu du, leku hau zatiketa gune izan bada elkartasun gune ere izan delako urteetan zehar.

Gerrek, suntsiketek, kolonialismoak, krisiek… zapalkuntzek orohar zubi honen alde batera zein bestera herritarrak desherriratzea eragin dute. Duela ia bederatzi hamarkada, frankistengandik egin zuten ihes errepublikarrek, ondoren diktaduratik eskapo portugesak igaro ziren, eta gaur egun miseriatik ihesi datoz afrikarrak, bizi hobe baten bila. 

Avenida deserriratuen memoriaren zubia da, eta erakusketa honekin hamarkadak joan eta hamarkadak etorri Bidasoa ibaiaren inguruan arrazakeriaren, zatiketaren eta zapalkuntza ororen aurkako saretzea bizirik egon dela eta jarraitzen duela erakusten da, argazki eta podcasten bidez.

Irailaren 2tik 7ra izanen da erakusketa ikusgai, Avenida zubian bertan, edozein momentutan. Asteartetik ostiralera berriz, arratsaldero 17:00etatik 19:00tara, podcastak ere hedatuko dira, erbesteari buruzko memoriekin.