Iparralde etorbidean kokatutako Villa Madariaga zeneko lursaila enkantean saldu dutela jakinarazi du Irungo Udalak. Joan den astean Tokiko Gobernu Batzarrak erabaki du, lehiaketa publiko bidez bideratu duten salmentan jasotako proposamenik onena onartzea. Lizitazio prozesu publikoa amaituta orubearen esleipena Construcciones Michelena y Lecuona Sucesores S.L. enpresak eskuratu du. Enpresak guztira 1.228.150 euro eskaini ditu (1.015.000 € + BEZa 213.150 €).
Erdigunean hutsik dauden orube eraikigarrien kopurua urria da. Baina Irungo Udalak 2016an lortu zuen bere jabetza. Izan ere, bertan zegoen Villa Madariaga eraikina erortzeko zorian zegoen, eta udalak jabeek eraiste lanak burutu zezaten prozedura judiziala abian jarri zuen lehenagotik.

Garaiko alkate Jose Antonio Santanok aditzera eman zuenez, udalak ez zuen haren oinordekoekin harremanetan jartzea lortu. Beraz, legeak agindutako epeak bete zirenean, Irungo Udalak hartu zuen bere gain eraikina eraisteko lanen gastua, eta orubea udal jabetzakoa izatera pasa zen.
Eraikina 1912. urtean eraikitakoa zen, eta Jose Madariagaren jabetzakoa bazen ere, haren alabaren jabetzakoa izatera pasa zen hau hildakoan, Estanislada Francisca Madariaga Figerido. Hau Modesto Liquinianorekin ezkondu zen, Barzanallanako Markesa. Eta bistan denez, haien oinordekoek ez zuten etxea erreklamatu, ezta orubea ere. Egungo jabeak aurkituz gero, udalak bere gain hartutako eraiste lanen gastuak ordainaraziko zizkiotela aditzera eman zuen Santanok.
Proiektu anitz Villa Madariagan
Urteotan Irungo Udalak hainbat proiektu aztertu ditu bertan garatzeko. Izan ere, Jose Antonio Santanok 2019ko udal hauteskundeetan PSE-EEren herri programaren konpromisoetako bat izan zen, bertan Elkarteen Hotel bat eraikitzekoa. Agerraldia egin zuten orduan orubearen atarian ordezkari sozialistek (Cristina Laborda egungo alkatea barne), eta Palmera Montero gunea elkarteentzat txiki geratu zela kontuan hartuta, «gazteak partaidetzan hezitzeko» helburuarekin elkarteen topagune izateko xedea zuen proiektua aurkeztu zuten sozialistek, balizko eraikinaren infografiak plazaratuz.

Haatik, urtebete beranduago beste konpromiso batzuk hartu zituen Santanoren gobernuak horren gainean. Zehazki, 2020ko udal aurrekontuak onartzeko akordioan, Elkarrekin Podemos taldeak 1.570.000 euroko aurrekontua adostu baitzuen udal gobernu sozialistarekin, Iparralde etorbideko Villa Madariagaren orubean Irungo Emakumeen Etxearen proiektua eraikitzeko. Honako kokalekua aurretik proposatu izan zuen EH Bilduk 2011-2015 agintaldian. Esan gabe doa, udalak eta talde politikoek proposamen ezberdinak egin izan zituztela honetarako, Kale Nagusian hutsik jarraitzen duen orubean ere planteatu baitzen Emakumeen Etxea, azkenik, Istillaga plazako egungo egoitza erabaki zen arte.
Hala ere, beste hainbat proiektu proposatu izan dituzte udal ordezkariek, orubea bera udalaren jabetzakoa izatera pasa aurretik ere. 2007an Luis Marianoren figurari lotutako espazio bat proposatu zuen Santano alkateak (PSE), eta Borja Semperrek (PP) haurtzaindegi bat eraikitzeko aukera aztertu zezatela eskatu zuen. EAJk bere partetik, bertan kulturari lotutako Kafe Antzoki baten proiektua ikusten zuen egokiago.
Urteak joan urteak etorri, lursaila hutsik jarraitu du. Eta oraingoan, udal ekipamendu edota bestelako erabileretara bideratu beharrean, Irungo Udalak orube honen truke ekonomia egitea erabaki du, 1.228.150 eurotan enkantean salduz. Esku pribatuetan geratuko da orain, eta jabe berria eraikuntza enpresa bat da. Bertan etxebizitza pribatuak eraikitzeko proiektua du honek.