Espainiako Gobernuak eta Irungo Udalak Avenia zubia Memoria Demokratikoaren Gune ofizialki izendatzeko ekitaldia egin zuten ostiralean. Fernando Martinez Memoria Demokratikoko Espainiako estatu-idazkaria eta Cristina Laborda Irungo alkateaz gain, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Irungo eta Hondarribiko agintari eta alderdi politikoetako ordezkariak elkartu ziren zubian, eskualdeko Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan eta Nicolas Guerendiain Irungo Elkarte Errepublikanoko ordezkariekin batera.
Joan den urtarrilaren 29an izendatu zuen Espainiako Gobernuak Avenida zubia memoria leku. Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) plazaratu ondotik, plaka ezarri beharra zegoen, eta ekitaldi instituzional xumea egin dute horretarako. Han bildutakoek zubian muga zeharkatu eta itzuliko paseo txikia egin ondoren, ohiko aurreskua eta hitzartzeazk egin zituzten. Ondoren, erakundeen ordezkaritza batek lore sorta bat utzi zuen zubiaren Irungo aldearen hasieran jarritako plaka berriaren aurrean.
Cristina Laborda alkateak bere amona Joaquina eta aitona Marcelianoren adibideak jarri zituen bere hitzartzean, 1936ko gerratik eta faxismoaren oldarralditik ihesean zihoazenen aurreneko olatuan erbestera egin zuten 15.000 pertsona inguru horiek gogoan hartzerakoan, «Avenida zubia Irungo familia askoren historiaren parte» izan dela azpimarratuz. Eta Euskadin (EAE) Gernika eta gero, ofizialki Memoria Demokratikorako Gune izendatzen den bigarren lekua dela nabarmentzearekin batera, plaka ezartzeak «hemendik aurrera, memoria duintasun ariketa batean transformatu eta betiko erreferente bilakatuko» dela uste du alkateak. «Ez da errekonozimendu bat gehiago», argitu zuen alkateak, «gure aurrekoekin eta etorriko diren belaunaldiekin egindako erantzukizun ekitaldia da».

Heldu den irailaren 5ean 90 urte beteko dira tropa faxistek Irun konkistatu zutela, eta borrokaldi eta bonbardaketa latzen ondoren, eta Irungo sutearen ondoren, zibil eta militar ugarik zubitik egin zuten ihes erbestera. Ihesaldiaren lehen olatuaren pasagunea izan zen Avenida zubia. Eta historialarien arabera, 15.000 lagun inguruk zeharkatu zuten muga puntu horretan, Hendaiarako bidean, gehienak emakumeak eta haurrak. Labordak gogoratu duenez, «irundarrentzat, eta basakeria hartatik ihes zihoazenentzat askatasunaren atea izan zen».
Fernando Martinez Memoria Demokratikoko Espainiako estatu-idazkariak bere partetik, aurrerago zubia garrantzi estrategiko, sozial eta politiko handiko puntu bat izan zela gogoratu zuen. Eta presoen trukaketa gune ere izan zela, bertan entregatu baitzizkioten polizia frankistari figura garrantzitsu zenbait, hala nola Julian Zugazagoitia eta Lluis Companys, gerora fusilatua izango zena.
Horiek hala, oroimena bizirik mantentzeko beharra nabarmendu zuten agintariek, eta horrenbestez, leku hori gaurtik aurrera «konpromiso demokratikorako eta etengabeko oroitzapenerako gunea» izango da, ofizialki. Izan ere, azken urteetan hainbat izan dira bertan oroimen historikoa balioan jartzeko burututako ekimenak. 2022ko otsailean ofizialki omenduak izan ziren nazien akabatze esparruetan amaitu zuten 23 irundar, Holokaustoaren Biktimen Omenezko ekitaldi batean. Presoen truke-gune gisa ere balio izan zuen zubiak, eta Frantziaren okupazio naziarekin bat etorri ziren eskualdatze historikoen eszenatokia ere izan zen, hala nola, Gestapok egindakoak, Lluís Companys Kataluniako Generalitateko presidentea frankistei entregatuz (geroago Montjuïcen exekutatu zutena 1940ko urriaren 15ean).
Hain justu, Antxeta Irratiak, Irun eta Hendaia, Gipuzkoa eta Lapurdi batzen dituen Avenida zubian "Deserriratuen Memoriaren Zubia" erakusketa antolatu zuen joan den udan, leku hau zatiketa gune izan bada ere, elkartasun gune ere izan delako urteetan zehar.